Oihana Arana eta Aroa Elortza (Idazleak): "Literatura panoramaren argazki erreala da liburua"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urr. 4a, 10:04

Oihana Arana eta Aroa Elortza Izotzetan islatuak liburuarekin. Srgazkia: Oihana Arana.

24 euskal gaztek idatzitako askotariko gaietako eta generoetako lanak batzen dituen Izotzetan islatuak liburua aurkeztu zuen egubakoitzean Liberoamerika argitaletxeak; Oihana Arana eskoriatzarren eta Aroa Elortza bergararraren idatziak daude jasota.

Gazteen artean idazteko zaletasuna eta idazteko joera dagoela erakustea du helburu Liberoamerikak argitaratu duen Izotzetan islatuak liburuak.

Zerk animatuta hartu duzue parte?

Oihana Arana: Idaztea maite duen lagun batek eman zidan Liberoamerikaren deialdiaren berri, eta askorik pentsatu gabe animatu nintzen, proiektua interesgarria iruditu zitzaidalako eta baneuzkalako poema apropos batzuk aurretiaz eginak.

Aroa Elortza: Kuadrillako lagun baten bitartez jakin nuen nik ere. Ez naiz nire idazlanak askorik zabaltzea gustatzen zaien horietakoa, dezente lotsatzen bainaiz; hala ere, azken boladan testu eta olerki motzak nire sare sozialetako profiletan argitaratzeko ausardia atera dut, eta, aukera hau ezin hobea izan zitekeela salto handiagoa emateko iruditu zitzaidanez, beldur apur batekin bazen ere parte hartzera animatu nintzen.

Zer eta zeri buruz idatzi duzue?

O. A.: Poema bilduma bat da, Fikzio puskak gara izenekoa. Gai asko jorratzen ditut, hala nola denboraren joana, dolua... 2019ko udan idatzitakoa da.

A. E.: Hitzak du izena lanak eta iazko Koldo Eleizalde lehiaketan aurkezteko idatzi nuen. Lehiaketan lan luzeagoa aurkeztu banuen ere, liburuan Hitzak atala soilik agertzen da. Gai zehatzik ez duela esango nuke, hitzen garrantziaz idatzi dut.

24 idatzi, 24 idazleren eskutik.

O. A.: Bere txikitasunean anitza eta aberatsa den bilduma bat da, jende askok mimo handiz landu duena. Anitza diodanean zentzu guztietan ari naiz: literatur genero ezberdinak daude, idazkera ezberdinak, eta euskalkiz ere anitza da.

A.E.: Lan bakoitza idazle ezberdin batena da; horietako batzuk, gainera, hainbat idazlek elkarlanean sortutako testuak dira. Jasotako lanen artean aukeraketa egin zuten eta hala sortu zuten argitaratutako bilduma.

Idazle guztiak gazteak, eta gehienak, emakumeak. Ze garrantzi ematen diozue horri?

O. A.: 30 urtetik beherakoak gara guztiak –%80 emakumeak–. Bi alorretatik da garrantzitsua, nire ustez: alde batetik, idazle gazteak ahalduntzeko tresna moduko bat delako; eta, bestetik, emakumeen kopuruari dagokionez ez dut uste inongo miraririk egin denik %80 horretara iris- teko: beste hainbat esparrutan gertatzen den moduan, emakume asko dabil literaturan ere, nahiz eta hori ez den gero liburu argitaratuetan islatzen; Izotzetan islatuak literatura panoramaren argazki errealagoa da.

A. E.: Ez naiz inoiz emakumeen eta gizonezkoen arteko bereizketak egitearen alde agertu, guztiok idazleak garela sentitzen baitut eta ez zaidalako iruditzen horrenbeste garrantzirik duenik paperaren atzean zein dagoen, lana da garrantzitsuena, irakurtzen den hori; hala ere, esan beharra dut pozgarria dela emakumeen presentzia hain handia izatea bilduman.

24 IDAZLE GAZTEREN LANAK BATZEN DITU LIBEROAMERIKA ARGITALETXE BERRIAREN LIBURUAK

Non dago liburua eskuragarri?

A.E.: Liburu dendetan eros daiteke, eta Liberoamerika.bigcartel.com atarian ere bai.

Baduzue idazlan proiekturik esku artean orain?

O. A.: Poemek pila bat betetzen naute eta oso maite ditut, eta poemekin lotutako proiektu batean nabil orain buru-belarri.

A. E.: Ez dut ezer zehatzik, hasitako hamaika testu eta milaka ideia, besterik ez. Dena den, pentsatzen hasia naiz erdi albo batera utzitako lan horiek guztiak txukundu eta zerbait egitea horiekin; antolatu, gutxienez, ordenagailuko fitxategi galduetan eta etxean edozein koadernotan idatzitako paper muturretan egon ez daitezen

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak