Segurtasun sailak abisu horia ezarriko du haizete bortitzengatik

Maider Arregi 2020ko urr. 1a, 14:13

Bihartik aurrera, prezipitazio iraunkorra eta haize bortitza iragarri du Euskalmetek, Euskal Meteorologia Agentziak. Tenperaturak behera egingo du nabarmen. Maximoak 12 eta 16 gradu artekoak izango dira eta bihar elurra ager daiteke lehen aldiz aurtengo udazkenean. Izan ere, ziklogenesi leherkorra eragingo duen borraska sakona  EAEra gerturatuko da.

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du itsasaldeko arriskuagatik nabigaziorako (lehen bi milietan), bihar, ostirala, 21:00etatik urriaren 3, larunbata, 24:00etara bitartean. Horrez gain, abisu horiak ere ezarri ditu kostaldeko inpaktuagatik, prezipitazio iraunkorragatik eta haizeagatik. Izan ere, ziklogenesi leherkor deituriko mekanismoak eragingo duen borraska sakon bat EAEra gerturatuko da. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Alex izenaz bataiatutako depresioa, udazken hasieran ez-ohikoa dena, aire hotzarekin iritsiko da, eta, beraz, tenperaturak behera egingo du nabarmen. Tenperatura maximoak 12 eta 16 °C artekoak izango dira eta bihar elurra ager daiteke lehen aldiz aurtengo udazkenean, 1.400-1.500 metrotik gora.

Aipatutako alerta laranjaz gain, eta denborale honek marea biziekin bat egingo duenez, EAE abisu horian egongo da kostaldeko inpaktuagatik, bihar 17:00etatik larunbateko 24:00etara bitartean, 5-7 m arteko olatuen altuera adierazgarriarekin. Era berean, Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du Kantauri isurialdean, batez ere kostaldean, prezipitazio iraunkorragatik, ostiraleko 12:00etatik larunbateko 12:00etara, 24 ordutan 50-60 l/m² pilatu daitezkeelako.

Zaparrada ertainak eta noizbehinka trumoitsuak espero dira, ostiraleko azken orduetan gogorrak izan daitezkeenak. Haizeari dagokionez, abisu horia ostiraleko 21:00etatik larunbateko 12:00etara zabalduko da EAE osoan. Mendebaldeko haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezke haizeguneetan, bereziki itsasertzean, eta 80 km/h-tik gorakoak haizeguneak ez diren lekuetan. Borraskak hartuko duen ibilbidearen ziurgabetasuna dela eta, baliteke abisu hori batzuk alerta laranjara aldatu behar izana zenbait denbora-tartetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak