Atzo egin zituzten PCR probek hamar kasu baieztatu dituzte bailaran, eta dagoeneko, datuen arabera, 1.161 dira kutsatutako debagoiendarrak.
Azken positiboak atzemandako herrietan, metatutako kasuak honako hauek dira: Arrasaten 532 kasu erregistratu dira, Bergaran 241, Aretxabaletan 137 eta Oñatin 162. Herri guztietako datuak daude hurrengo mapan.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 12.760 PCR egin zituzten atzo eta horietatik 697 kasu baieztatu dituztela: 265 Nafarroan, 198 Bizkaian, 138 Gipuzkoan, 83 Araban eta 13 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bestetik, 49 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta azken datuen arabera, 526 daude Hego Euskal Herriko erietxeetan ingresatuta –horietatik 79 ZIUn–.
Bukatzeko, EAEko ikastetxeei dagokienez, Hezkuntzako Sailak adierazi du, orotara, 182 ikasgela daudela itxita, 132 ikastetxetan.
46 heriotza EAEn
Heriotzei erreparatuta, atzo beste bi lagun zendu ziren Nafarroan, eta hilaren 21etik 27ra 46 pertsona hil dira EAEn. Gaur argitaratuko ditu datuok Osasun Sailak, baina adierazi dutenez, bihar emango dituzte xehetasunak. Azken datuen arabera, dagoeneko 2.485 herritar hil dira Hego Euskal Herrian.