Filmak protagonista, ezohiko Zinemaldian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 25a, 16:03
Akelarre filmeko lantaldea; horien artean, Yune Nogueiras bergararra eta Lorea Ibarra arrasatearra. Argazkia: SSIFF.

Orokorrean, harrera ona izan dute ikusleen artean Debagoieneko parte hartzaileak dituzten Akelarre eta Arzak since 1897 filmek eta Patria telesailak; protagonistek "gustura eta ilusioz" jardun dute "arraroa" izan den aurtengo Donostia Zinemaldian.

Bihar bukatuko da 68. Donostia Zinemaldia, eta, aurreikusten zen moduan, "arraroa eta hotzagoa" izan dela dio Goienako berriemaile Imanol Gallegok: "Gehienok dugun sentsazioa da jaialdi hotza ari dela izaten zentzu askotan: harremanetan, alfonbra gorrian... Dena oso neurtuta dagoelako, azken finean. Segurtasuna bermatzea da lehentasuna, eta alde horretatik dena ondo doa, ez dugu kutsaturik egon denik entzun. Edukiari begiratuta, denetik ikusi dugu. Film gutxiago izan dira, eta horrek lasaiago ikusteko aukera eman du".

Izarrei dagokienez, askok telematikoki egin dituzte aurkezpenak. "Etorri direnen artean, batetik, Johnny Depp azpimarratuko nuke: hasieratik bukaera arte, izar bat dela erakutsi du, berandu heldu da toki guztietara eta tatuatutako irribarrea zuela zirudien. Matt Dillonek Zinemaldia oso gustuko duela erakutsi du, eta atzo Donostia saria jaso zuen Viggo Mortensenek gertutasuna erakutsi du kazetariekin eta zaleekin".

'Akelarre': denetariko iritziak

Sail Ofizialean lehiatzen ari den Pablo Aguerok zuzendu eta Debagoieneko Lorea Ibarra eta Yune Nogueiras protagonista dituen Akelarre filmak askotariko kritikak jaso ditu. "Planteamendua interesgarria da eta aktoreen lana ikaragarri ona da, baina filmak une batzuetan indarra galtzen du; horregatik, zail ikusten dut irabazleen artean egotea", azaldu du Gallegok, eta bide beretik jardun du Antonio Zabala zine aditu bergararrak: "Indarra du: aktoreen lanak, kameraren mugimenduek, gertuko planoek eta muntaiak ondo islatzen dute pertsonaien egoera aztoratzailea, baina filmari mehetasuna falta zaio pertsonaia batzuen izaera sakontzeko; trazu gordinez azalduta daude, eta horrek sinesgarritasuna kentzen dio bukaerari".

Ikusleen artean askotariko iritziak batu ditu Gallegok: "Ez zait askorik gustatu; ilusio handiarekin etorri naiz, baina aspergarri samarra egin zait. Irudi dotoreak ditu eta antzezlan oso ona, baina pixka bat dezepzionatu egin nau", zioen ikusle batek, eta txalotu egin zuen beste batek: "Asko gustatu zait; bereziki, aktoreen lana. Indartsua da, une oro tentsioa du".

Asier Altuna alfonbra gorrian. Argazkia: Donostia Zinemaldia.

Altuna, pozik dokumentalarekin

Ikusleen txalo artean zabaldu zuen astelehenean Culinary saila Asier Altunak zuzendu duen Arzak since1897 dokumentalak, eta bergararra pozik da izan duten harrerarekin. "Arzak familiari omenaldia izan zen proiekzioa; orokorrean, filma gustatu dela sumatzen dugu".

'Patria'-k, emozioak azaleratu

Jon Olivares eta Mikel Laskurain bergararrak protagonista dituen Patria telesailak ikusleak hunkitu ditu. "Oso gogorra da, baina egiatik asko du", zioen ikusle batek, eta honako hau Olivaresek: "Bakoitzak ezberdin ulertuko du bi familien mina". "Irakurketa politikoa egiten dutenendako ez da gustukoa izango. Mundu osorako pentsatuta dago", azaldu du Laskurainek.

Patria-ko lantaldea alfonbra gorrian, horien artean, Jon Olivares eta Mikel Laskurain. Argazkia: Donostia Zinemaldia.

'La trinchera infinita', saritua

Loreak eta Handia-rekin saria jaso ostean, EZAE elkarteak hirugarrenez saritu zuen Moriartiko lantaldea eguaztenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak