Kirolean ere buruhausteak sortzen dabil birusa

Xabier Urtzelai 2020ko ira. 25a, 18:00
Goian, ezkerretik: Marian Mellado, Urtzi Amiano eta Ioritz Agiriano. Erdian, Julen Aranburu eta Ines Azpiazu. Behean, Ruper Arkauz, Ander Romero eta Julen Barrutia.

Berez, urrian hasiko dituzte liga txapelketak, eta denboraldi-aurre honetan klub guztiek egin dute segurtasun neurriak zorrozteko ahalegina. Baina hasi dira lehenengo positiboak agertzen, eta horrek ziurgabetasuna ekarri du talde horietara.

Kirol taldeek goitik behera egokitu behar izan dituzte euren jardunak Jaurlaritzak ezarritako osasun neurriak zorrotz betetzeko. Baina lehenago edo geroago gertatu behar zena gertatu da jada: ibarreko kirol taldeetan hasi dira COVID kasuak azaltzen. Hain zuzen, Oñatiko Fagor Industrial eskubaloi taldeko jokalariak bakartuta egon ziren irail hasieran, taldean izandako positibo batengatik, eta Mondra futbol taldean senior mailako bi taldeetako jokalari asko bakartuta daude –30 inguru–, joan den astean bi taldeen artean lagunarteko bat jokatu eta ondorengo egunetan jokalarietako batek positibo eman zuelako. Bistan da denboraldi zaila datorrela aurretik.

Ioritz Agiriano, Fagor Industrial Aloña Mendiko entrenatzailea: "Hamabost jokalaritik zazpik esan digute ez daudela horrela jarraitzeko gertu"

Talde guztiak denboraldi-aurrea prestatzen dabiltzan honetan, oñatiarrak izan dira talde barruan positibo bat izan duten lehenak. Irail hasieran izan zen hori, eta, berrogeialdia errespetatuta, Fagor Industrialeko Aloña Mendiko lagunek gehiago zorroztu dituzte neurriak: "Erabaki dugu kantxa barruan ez entrenatzea, aire librean ibiliko gara ariketak egiten, kalean entrenatuko gara, eta oso-oso talde txikietan. Gainera, Federazioaren aurrean eskaera egin dugu, horrela ezin dugu liga hasi, eta Arrasateko taldeko ordezkariek bat egin dute gure eskaerarekin. Ziurgabetasun handiarekin gaude denok, eta martitzeneko batzarrean erabaki genuen gazte mailatik beherako entrenamendu guztiak, oraingoz, bertan behera uztea". Hala, positibo eman duen jokalari baten ondoan entrenatu direnak gertuko kontaktu moduan kontsideratzen dituztenez, talde osoak berrogeialdia errespetatu behar izan zuen. "Hamabost jokalaritik zazpik esan digute lan edo ikasketa arrazoiak tarteko ezin direla ibili lanean osasun-bajak etengabe hartzen. Eta normala da. Gu ez gara profesionalak".

Ander Romero, Mondra futbol taldeko kirol zuzendaria: "Egun hauetan 29 PCR test egin ditugu, eta ia bi talde oso daude bakartuta"

Mondra Futbol Taldeko senior mailako jokalariak egoera berdintsua bizitzen dabiltza egunotan. Klub zuri-moreko 28-30 jokalari daude orain momentuan bakartuta: "Joan den asteko entrenamendu saio batean, lagunarteko partidu bat antolatu genuen Ohorezko Erregionalekoekin eta Erregional Preferentekoekin batera, eta handik pare bat egunera jokalari bat ondoezik sentitu zen eta urgentzietan positibo eman zuen PCR proban. Bada, ordutik 29 kidek egin behar izan dute PCR testa; oraingoz, positibo bakarra dugu, baina jokalari guztiek egin behar izan dute berrogeialdia. Eskerrak zapatuan geneukan beste lagunarteko partidu bat bertan behera utzi genuela", dio kirol zuzendari Ander Romerok.

"Egoera honetan ez dakit ze punturaino den bideragarria urriaren 18an liga hastea, eta egia da, baita ere, klub barruan lehenengo positiboa izan arte gauzak beste modu batera ikusten dituzula. Oraingoan, guri tokatu zaigu, zintzo jokatu dugu eta neurriak hartu ditugu, baina liga hasten denean positibo bakoitzeko berdegunean egon diren denak etxean geratu behar badira... Guri ere hasi zaizkigu jokalariak esaten horrela ezin direla ibili".

"Guk hasieratik errespetatu izan ditugu neurriak, baina orain, zorroztu egin beharko ditugu. Futbola aire librean egiten dugu, zelaia handia da, baina positibo bat dagoenean agindua da denak konfinatzea. Egoera honetan aurrera egiten badugu, liga hastearekin batera jardunaldi bakoitzeko ehun lagunek etxean geratu beharko dugu. Klub moduan, gainera, nahiko salduta gaude, halako egoerak kudeatzea ez delako batere erraza, ez gaude prestatuta".

Urtzi Amiano, Arizmendi Boleibol taldeko ordezkaria: "Boleibolean, sikiera, kontrarioen artean ez dugu inongo kontaktu fisikorik"

Arizmendi boleibol taldeak senior mailan bi talde izango ditu aurten, lehenagotik zuten emakumezkoen taldera gizonezkoena ere batu da eta. Eta denboraldiaurre honetan Ibarra kiroldegiko segurtasun neurriak betetzen dabiltza: "Etxetik tenperatura hartuta etorri behar dute, botila ura bakoitzak berea ekartzen du eta, entrenatzeko orduan, ariketa gogorra ez bada, maskararekin entrenatzen dabiltza", dio Urtzi Amianok. "Zentzu horretan, boleibolak gauza bat dauka ona, kontrarioen artean ez dela batere kontakturik egoten, eta, horrela, kutsatze arriskua txikitu egiten da asko". Horrekin batera, entrenamendu guztietan egon diren jokalarien zerrenda eguneratzen dute: "Positibo bat egongo balitz, pertsona horrek hartu-emana norekin izan duen jakingo genuke segituan".

Gizonezkoen talde berriak Euskal Ligan hasiko du ibilbidea, urriaren 3an, baina Federazioak oraindik ez du emakumezkoen egutegiaren berririk eman.

Julen Aranburu, Bergara pilota elkarteko presidentea: "Pilota jaialdiak zaintzeko jende gehiagoren laguntza behar dugu orain"

Bergarako Pilota Elkartekoak entrenamenduak antolatzen bakarrik ez, pilota jaialdiak ere antolatzen dabiltza. Esaterako, irailean antolatu dute martxoan jokatzekoa zen Soraluce Txapelketako finala, eta pilotalekuko edukiera zainduta antolatu dute jaialdia: "Klubean ondo moldatu gara protokoloa betetzeko, nahiz eta, esaterako, Soraluce Txapelketako finalean normalean baino jende gehiago behar izan dugun pilotalekuko edukiera zaintzeko, ikusleei tenperatura hartzeko... Lehen, lagun bakarra izaten genuen sarreran zozketak saltzen; orain, bost lagun egoten dira dena zaintzen, eta emakumezkoen txapelketa hasi dugun honetan ere berdin gabiltza. Bestalde, pilotariak takoak etxean jarrita etortzen dira, aldagelak erabiltzea saihesten dugu... Halako neurriak hartu ditugu", dio Julen Aranburuk. Bestalde, etxeko pilotariek uda ostean hasi zituzten entrenamenduak. Kategoria txikietakoak oraindik ez dira hasi, baina kadete mailatik gorakoak hasi dira lanean. Eta hor, neurrietako bat da kantxan gehienez zortzi pilotari ibiltzea batera".

Marian Mellado, Bergarako saskibaloi klubeko presidentea: "Mariaren Lagundiko kantxan ez gara denak sartzen"

"Bergarako saskibaloi elkartean nahikoa buruhauste dute entrenamenduak antolatzeko orduan; izan ere, Labegaraietan egiten dabiltzan obrek ez dute laguntzen. Etorkizun laburrean, kantxa txukun batekin gozatu ahal izango dute, eta, bitartean, Mariaren Lagundiko kirol instalazioak erabiltzen dabiltza: "Badakigu datorren urtera arte ezingo dugula Labegaraieta erabili. Kadete mailatik beherako neskamutikoak oraindik ez dira hasi entrenatzen, ezta eskola kirolekoak ere, eta horrek arnas apur bat ematen digu gainontzekoen entrenamenduetako ordutegiak antolatzeko; hala ere, arazo handiak ditugu. Beste herri batzuetan entrenatzeko aukerak aztertzen gabiltza, ea ze konponbide ematen diogun honi", dio Marian Melladok. Hala, aurreikuspena da infantil mailakoak urriaren 1ean entrenatzen hastea, eta horrek areagotu egingo du beste kantxa baten beharra. "Gaztetxoenak, baina, kontaktu barik hasiko dira entrenatzen. Helduen kasuan, talde horiek dagoeneko hasi dira lagunarteko partiduak jokatzen. Tenperatura hartzen dute, baloiak sarritan garbitu, aldagelak itxita ditugu... Eta oso ondo dakigu entrenamendu bakoitzean ze jokalarik hartu duen parte".

Ruper Arkauz, Aloña Mendi Txirrindularitza taldeko kidea: "Errazena zen lasterketarik ez egitea, baina gazteengatik ahalegina egitea erabaki dugu"

Txirrindulariek abantaila hori dute, ez dituzte kirol instalazioak behar entrenatzeko, errepidean dabiltza lan hori egiten, aire librean. Aloña Mendiko ziklistak, tarteka, talde txikietan ibiltzen dira errepidean. "Bakoitzak entrenatzaileak emandako lanak bete behar izaten ditu, eta entrenatzeko arazorik ez dute", dio Ruper Arkauzek. Entrenatzeak, baina, ez du zentzurik denboraldi osoan lasterketarik izango ez balute, eta, zentzu horretan, Aloña Mendikoek ahalegina egin dute: "Bete beharreko neurriak zeintzuk ziren ikusita, errazena zen lasterketak ez antolatzeko erabakia hartzea. Baina klubean ditugun gazte mailako ziklistei begira erabaki genuen Mikel Deuna saria antolatzea, eta ondoren baita amateur mailakoa ere –aurreko bi asteetan izan dira lasterketa horiek–. Jaurlaritzako neurriak aztertu genituen eta Udalari txosten bat bidali genion lasterketa zelan antolatuko genuen adierazita, eta, zorionez, probak arazo barik egin ahal izan genituen".

Hala, konfinamendu garaian bertan behera geratu ziren lasterketa batzuk errekuperatzeko ahalegina egin dute zenbait klubek, eta ziklismo denboraldia beste bost aste luzatzea ekarriko du horrek".

Julen Barrutia, Arrasate Rugby taldeko entrenatzailea: "Gurea kontaktuzko kirola da eta kontuan izan behar dugu hori"

"Arrasate Rugby Taldeko lagunek oraindik ez dute garbi noiz hasiko duten liga txapelketa: "Egutegian moldaketak egiten dabiltza, Ohorezko Mailan atzeratu egin dute hasiera eguna, eta kategoria nagusia denez horrek eragina du gainontzekoongan", dio Julen Barrutiak. Taldeak, baina, normaltasunarekin entrenatzen dabiltza: "Hain justu, oraingo astean hasi dira 14 urtez azpikoak entrenatzen, eta dagoeneko 16 eta 18 urtez azpikoak entrenatzen dabiltza, eta baita emakumezkoen eta gizonezkoen senior mailakoak ere: "Kontziente gara gurea kontaktu handiko kirola dela. Oraingoz, hamar laguneko taldeetan entrenatzen gabiltza, eta talde horiek errespetatu egiten ditugu, jokalariak nahasten ez ibiltzeko. Gainera, taldean mediku bat dugu eta hark emandako aholkuak jarraitzen ditugu; norbaitek positibo ematen duen egunean talde osoa ez konfinatzea da helburua".

Ines Azpiazu, Arrasate eskubakoi taldeko presidentea: "Abuztu amaieran noraezean hasi ginen protokoloa betetzen"

Arrasate eskubaloi taldeko presidenteak ez du oso garbi orain hartzen dabiltzan lanak ze fruitu emango dituen, ezta jokalarien fitxengatik ordaindu behar dituzten dirutzak ere zentzurik ba ote duen: "Urri amaieran hasiko ditugu ligak, baina ez dakit zentzu handirik duen. Ikusi gure kategoria berean dauden Oñatiko taldekoei gertatu zaiena, dagoeneko konfinatuta egon dira denak. Gai izango gara egoera horretan liga oso bat jokatzeko? Merezi du horrela ibiltzeak?".

Beste klubek egin duten moduan, eskubaloikoak ere segurtasun neurriak betetzen dabiltza: "Kirol instalazioak Udalarenak dira eta edozer gauza egiteko euren onespena behar dugu. Gainera, ez gara Iturripe erabiltzen dugun bakarrak. Egoera horretara moldatu behar izan dugu denok; talde nagusiak jokatu du lagunarteko bat, baina beste urte batzuetan gehiago jokatu izan ditugu. Ez da batere erraza egoera honetan lan egitea, baina ez dugu beste aukerarik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak