Positiboek goraka jarraitzen dute Debagoienean: 33 azken orduetan

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko ira. 24a, 13:14

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak emandako datuen arabera, atzoko egunean zehar egindako probetan 33 kasu berri atzeman zituzten Debagoienean; gehienak Arrasaten eta Bergaran. Herriz herri: Aretxabaletan sei kasu baieztatu dituzte, Arrasaten hamar, Bergaran hamabi, Eskoriatzan bi eta Oñatin hiru.

Hego Euskal Herrian 14.298 proba egin zituzten atzo (Euskal Autonomia Erkidegoan 10.825 eta Nafarroan, 3.473), eta 855 kasu baieztatu zituzten. Bizkaian 229 positibo egon dira, Gipuzkoan 182, Araban 79, Nafarroan 337 eta 28 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Erietxeetako egoerak datu orokorretan antzera jarraitzen badu ere, aurreko egunarekin alderatuta herritar gehiago ingresatu dituzte; 43 EAEn eta 8 Nafarroan. Bestalde, ZIUn 52 paziente daude eta 278 solairuetan, EAEn eta Nafarroan, 24 ZIUn, 169 solairuetan eta 29 etxean.

EAEn birsorkuntza tasak 1 azpitik jarraitzen badu ere, mugan dago oraindik; aurreko eguneko 0,98tik 0,96ra jaitsi da azken orduetan.

Ikastetxeetako egoera

Ikastetxeetako egoerari dagokionez, EAEren kasuan Hezkuntza Sailak jakinarazi du gaurko 12:00ak arteko datuak kontuan izanda, orotara 265 ikasgela daudela itxita, 198 ikastetxetan. Bestalde, ez dago aurrez aurreko eskola jarduera etenda duen ikastetxerik EAEn. Era berean, jakinarazi dute Euskal Hezkuntza Sistemak 17.554 ikasgela dituela guztira (2 urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino) eta horiek kontuan izanik, itxitako ikasgelen kopurua %1,51 dela.

Astebetean 3.245 kasu positibo EAEn

Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaile den Ignacio Garitanok irailaren 14tik 20ra bitartean EAEn jasotako datuen berri eman du gaur arratsaldean egindako agerraldian. 63.401 PCR proba egin dira, guztira, eta 3.245 kasu positibo detektatu dituzte: Bizkaian, 1.492; Gipuzkoan, 1.118; Araban, 483; eta bizilekua Euskaditik kanpo dutenak 152. Gaineratu du intzidentzia metatua jaisten ari dela azken 14 egunotan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak