Oraindik ez dituzte liga txapelketak hasi, eta dagoeneko hasi dira kirol taldeetan lehenengo positiboak azaltzen. Oñatiko Fagor Industrial Aloña Mendi eskubaloi taldeko seniorrek denboraldiko lehenengo konfinamendua bete behar izan dute taldeko kide batek positibo eman duelako, eta Mondra futbol taldeko 28-30 jokalari bakartuta daude arrazoi berdinagatik. Eta horrek alarma piztu du klubetan, jokalari batzuk dagoeneko adierazi dutelako ez daudela horrela jarraitzeko gertu: "Hamabost jokalaritik zazpik dagoeneko esan digute lan kontuak tarteko ez daudela horrela jarraitzeko gertu, izan ere, ezin dira ibili lanean bajak etengabe hartzen. Eta normala da. Gu ez gara profesionalak, eskubaloi zaleak gara, baina taldekide batek positibo ematen duen bakoitzean, edo edozein kontrariok positibo eman duelako etengabe koarentena errespetatzen ibili behar badugu, hori ez da sostengarria", adierazi dio GOIENAri Ioritz Agiriano entrenatzaileak.
Mondrako 29 kidek egin dute PCR test-a: batek eman du positibo.
Talde guztiak aurre-denboraldia prestatzen hasi diren honetan oñatiarrak izan dira esperientzia hori bizitzen lehenak, eta Mondrako lagunek hartu diete erreleboa, klub zuri-moreko 28-30 jokalari daude orain momentuan bakartuta: "Joan den astean lagunarteko partidu bat antolatu genuen klubean ditugun senior mailako bi taldeen artean, ohorezko erregionalekoek eta erreginal preferentekoek, eta handik pare bat egunetara jokalari batek ondoezik sentitu eta gero PCR proban positibo eman zuen. Bada, ordutik 29 kidek egin behar izan dute PCR testa, eta oraingoz batek eman du positibo. Hala, jokalari denak daude bakartuta. Eskerrak zapatuan geneukan beste lagunarteko partidu bat bertan behera utzi genuela", dio kirol zuzendari Ander Romerok. "Egoera honetan ez dakit ze punturaino den bideragarria urriaren 18an ligak hastea, eta egia da, baita ere, klub barruan lehenengo positiboa izan arte gauzak beste modu batera ikusten dituzula. Oraingoan guri tokatu zaigu, zintzo jokatu dugu eta neurriak hartu ditugu, baina liga hasten denean positibo bakoitzeko berdegunean egon diren denak etxean geratu behar badira... Guri ere hasi zaizkigu jokalariak esaten horrela ezin direla ibili, ez dira futboletik bizi, eta ezin dira urte osoan futbolagatik koarentenak betetzen ibili ".
Orain, neurriak zorrotzago
Behin lehenengo positiboa izanda Oñatiko eskubaloi taldeko ordezkariek gehiago zorroztu dituzte neurriak: "Erabaki dugu kantxa barruan ez entrenatzea, aire librean ibiliko gara ariketak egiten, kalean entrenatuko gara, eta oso-oso talde txikitan. Gainera, federazioaren aurrean eskaera egin dugu, horrela ezin dugu liga hasi eta Arrasateko taldeko ordezkariek ere bat egin dute gure eskaerarekin. Ziurgabetasun handiarekin gaude denok, eta atzoko batzarrean erabaki genuen gazte mailatik beherako entrenamendu guztiak bertan behera uztea".
Romerok ere garbi dauka klubean lehenengo positiboak azaltzen direnean ikuspuntua asko aldatzen dela: "Guk hasieratik errespetatu izan ditugu neurriak, baina orain zorroztu egin beharko ditugu. Futbola aire librean egiten dugu, zelaia handia da, baina positibo bat dagoenean agindua da denak konfinatzea. Egoera honetan, liga hastearekin batera jardunaldi bakoitzean 100 lagun etxean geratu behar izatea normalena izango da, eta gutxi iruditzen zaizkit. Pentsa, osasun teknikoekin egon garen honetan esan digute rondoetan parte hartu duten jokalariak ere kontaktu zuzena direla".