9.760 PCR proba egin zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 405 kasu baieztatu zituzten: 177 Bizkaian, 169 Gipuzkoan, 51 Araban eta 8 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Gipuzkoan gorakada nabarmena izan da, –aurreko egunean baino 82 positibo gehiago hauteman dira– eta Debagoienean ere izan du isla. Guztira, 14 kasu berri atzeman zituzten atzo bailaran; erdiak, Arrasaten. Azken zazpi kutsatuekin 504 dira pandemia hasi zenetik birusa hartu duten arrasatearrak, eta hortaz, datuak aditzera ematen du 1.000 biztanletik ia 14 kutsatu direla.
Bestetik, Nafarroak inoiz egun bakarrean erregistratutako zenbateko handiena izan du; izan ere, atzo egindako 3.441 PCR probetan 421 positibo atzeman zituzten.
Erietxeei erreparatuta, atzo 51 lagun ospitaleratu zituzten Hego Euskal Herrian, eta azken datuaren arabera, une hauetan 553 dira guztira; horietatik 81 ZIUn daude. Bestetik, atzo erregistratutako oinarrizko birsorkuntza datua 0,98ekoa izan zen EAEn.
Heriotzei dagokienez, azken orduetan heriotza bat erregistratu da Nafarroan, eta Jaurlaritzak emandako datuen arabera, azken astean EAEn zendutakoak 62 izan dira. Hortaz, pandemia hasi zenetik 2.365 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian.
20 minutu, antigenoak neurtzeko
Antigenoak neurtzeko proba berria egiten hasi dira, Estatu mailan. Listua hartuta, gai da 20-30 minututan emaitza emateko; baina PCR probekin alderatuz zehaztasun gutxiago du (%70-%75 inguruko fidagarritasuna du). Hala ere, PCRen kasuan ez bezala, ez da laborategirik behar COVID-19a atzemateko, eta prezioari dagokionez ere, aldea dago bien artean; 5 eta 10 euro artean balio du test antigenikoak, eta 50 eurotik gora PCRak.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.