Pandemia hasi zenetik 200 bergarar kutsatu direla baieztatu dute Osasun Sailak emandako azken datuek; izan ere, atzo zortzi kasu berri erregistratu ziren. Bestetik, Arrasaten ere hiru positibo berri atzeman zituzten, eta kasu honetan, 497 dira orain arte kutsatu diren arrasatearrak. Honako mapa honetan daude gainerako herrietako kasu metatuak, eta baita erregistratutako kasuak zenbat diren 1.000 biztanleko ere.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herrian, 662 positibo
Hego Euskal Herrian 11.865 PCR proba egin ziren atzoko egunez, eta 662 kasu baieztatu dituzte –erdiak baino gehiago, Nafarroan–. Lurraldeka, 348 izan dira Nafarroan, 167 Bizkaian, 87 Gipuzkoan, 52 Araban eta 8 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, EAEn, ospitaleetako egoera hobetu egin dela esan daiteke, izan ere, atzo 33 lagun ospitaleratu zituzten, eta 286 dira une hauetan EAEko erietxeetan daudenak –duela astebete baino 33 gutxiago–. Dena den, oraindik 55 lagun daude ZIUn, eta oinarrizko birsorkuntza datuak gora egin du: 0,98koa da. Nafarroako Osasun Sailak azaldu duenez, berriz, 14 pertsona ospitaleratu zituzten, eta 206 daude guztira; 25 ZIUn. Bestetik, azken orduetan bost lagun zendu ziren Nafarroan
EAEra itzuliz, Hezkuntza Sailak ikastetxeen inguruko datuak eguneratu ditu, eta jakinarazi du 260 ikasgela daudela itxita, 162 ikastetxetan –zehazki, atzo baino 48 gela gehiago–. Ehunekoetara ekarrita, EAEko ikasgelen %1,48 dago berrogeialdian.