47 positibo hauteman dira asteburuan bailaran; horietatik 28, Arrasaten

Uxue Igarza Loiola 2020ko ira. 21a, 13:08

Debagoienean, pandemia hasi zenetik kutsatutakoek milako langa gainditu dute; zehazki, asteburuko datuak jaso ostean, 1.039 dira martxotik hona positibo eman dutenak.

Arrasaten eta Bergaran atzeman dira asteburuko kasu gehienak: orotara 47 positibo baieztatu dira bailaran egubakoitzetik atzora arte egindako PCR proben bidez, eta 28 Arrasaten izan dira eta 12 Bergaran. Gainerako zazpi kasuak Oñatin (4), Aretxabaletan (2) eta Antzuolan (1) erregistratu dira.

Zehatzago esanda, egubakoitzean 21 kasu hauteman ziren: Arrasaten (16), Bergaran (3) eta Oñatin (2). Zapatuan, berriz, bi soilik –bana Arrasaten eta Bergaran– eta atzo, 24: Arrasaten (11), Bergaran (8), Aretxabaletan (2), Oñatin (2) eta Antzuolan (1).

HERRIA ASTEBURUKO KASUAK POSITIBO METATUAK POSITIBOAK 1000 BIZTANLEKO
Arrasate +28 494 19,46
Bergara +12 192 12,62
Oñati +4 148 13,05
Aretxabaleta +2 120 16,45
Antzuola +1 18 7,70
Aramaio 0 10 6,62
Eskoriatza 0 38 8,82
Elgeta 0 14 12,29
Leintz-Gatzaga 0 1 4,00
GUZTIRA 47 1.039 -

Dagoeneko milatik gora

1.000 kasu metatu erregistratzera iritsi da Debagoiena, eta langa hori aitzakia hartuta, orain arte pandemiak bailaran izandako bilakaera irudikatu da goiko grafikoan.

Bilakaerari dagokionez, bost hilabete behar izan ziren Debagoienean 500 kutsatuetara iristeko (martxotik uztailera) baina beste 500ak bi hiletan metatu dira (uztailaren 20tik, irailaren 19ra).

Gorakada nabarmenenak apirila hasieran izan ziren, baina ondoren, ekainean, positiborik gabeko hainbat egun erregistratu ziren, eta uztailak ere oso kasu gutxirekin jarraitu zuen –Bergarako kasuak salbu–. Dena den, uztaila bukaera aldera hasi zen joera aldatzen. Abuztuan, egunero hauteman dira positiboak bailarako herrietan, eta iraila hasieran jo dute goia; batez ere, bigarren astean.

Irailean, 20 kasutik gora baieztatu dira lau egunetan, eta azpimarratzekoa izan dira azken bi asteburuak; izan ere, irailaren 11tik 13ra, 64 positibo baieztatu ziren –eta horietatik 42 Arrasaten izan ziren–, eta azaldu bezala, igaro den asteburu honetan 47 –horietatik 28, Arrasaten–. Debagoieneko kasuen ia erdiak, Arrasaten baieztatu dira: zehazki 1.039tik, 494.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hego Euskal Herrian, 2.324 positibo

Asteburuan egindako PCR probek 2.324 kasu berri baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian. Egubakoitzean egindakoek 942 hauteman zituzten, zapatukoek 633 eta atzokoek 749.

Bestetik, atzo 34 lagun ospitaleratu zituzten, eta azken datuen arabera 510 lagun daude Hego Euskal Herriko erietxeetan –horietatik 82 ZIUn–. Gainera, Nafarroan, lau heriotza zenbatu dira azken hiru egunetan. EAEri dagokionez, asteburuan erregistratutako oinarrizko birsorkuntza datuek ez dute 1a gainditu, eta heriotzen zenbatekoa eguaztenean jakinaraziko du, orain arte bezala, Osasun Sailak.

EAEko ikastetxeetan, bestalde, egoera honako hau da: 212 ikasgela daude itxita, 132 ikastetxetan. Zehazki, egubakoitzeko datuarekin alderatuz, 40 ikasgela gehiago dira berrogeialdia egiten daudenak, eta 21 ikastetxe gehiago daude tartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak