Txikiagoa, baina "beharrezkoa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 18a, 15:29

Akelarre filmeko Yune Nogueiras eta Lorea Ibarra, Kursaal ondoan, domekan.

68. Donostia zinemaldia hasi da gaur, eta irailaren 26ra bitartean 143 lan eskainiko dituzte hainbat sailetan banatuta; Debagoieneko partaideak dituztenak daude horien artean: Akelarre, Arzak since 1897 eta 'Hil kanpaiak' filmak eta Patria telesaila.

Sail Ofizialean lehiatuko den Akelarre filmeko Yune Nogueiras bergararra eta Lorea Ibarra arrasatearra irrikaz daude Zinemaldia barrutik bizitzeko; egin duten lehenengo filmarekin alfonbra gorria zapalduko dute. "Sekulako esperientzia izango da, ilusioarekin goaz datorrenari aurre egitera", dio Nogueirasek, eta zera gaineratu du Ibarrak: "Sekulako sorpresa izan zen Zinemaldian izango ginela esan zigutenean. Guretako pauso handia da".

Osintxuko Jon Olivares iaz egon zen lehenengoz Donostia Zinemaldian. Patria telesailaren lehen minutuak aurkeztu zituzten orduan, eta aurten, egin dituzten zazpi kapituluak, Sail Ofizialean lehietatik kanpo. "Ilusioz eta gogotsu nago, iazko aurkezpenak indarra eman zion lanari; baina pena apur batekin ere bai, ez da ohiko jaialdia izango eta. Urduri nago, baina iazko esperientzia lagungarria izango dela uste dut. Bi egunean izango naiz: gaur, filmeko proiekzioan, eta bihar, photocall-ean eta elkarrizketak egiten. Filmak ikusteko aukera gutxi izango dut", kontatu du Olivaresek.

Asier Altuna Kixi zine zuzendariak eta Imanol Gallego kazetariak ibilbide luzea dute Zinemaldian, baina badakite ez dela orain artekoen modukoa izango. "Berezia besteko beharrezkoa da aurtengoa. Etxean egon garen garaian eskertzekoak izan dira zine plataformak, baina zine areto baten xarma ez du sekula ordezkatuko telebista batek", dio Gallegok, eta, bide beretik jarraitu du Altunak: "Oso arraro dator. Filmak egongo dira, baina lagunekin elkartzea, bilerak egitea... ez da erraza izango; hala ere, nola ez, pozik goaz Arzak since 1897 estreinatzera; azken urteetan gure ohitura bihurtu da Zinemaldian lanak estreinatzea; aurten, Culinary saila zabalduko dugu".

Film eta sarrera gutxiago

Sail guztiak izango dira, baina film gutxiago eskainiko dituzte –batez beste, 200 film orain arte, eta 143 aurten–. Edukiera ere murriztu dute, esaterako, Kursaaleko aretoan, 1.800 jarlekutik 600era. "Kazetariok Pandemia dela-eta erantzukizunpeko adierazpena sinatu dugu, non, besteak beste, konprometitzen garen aretoetan maskara eramatera, jende askorekin ez egotera, iraupen luzeko filmetan maskara bereziak erabiltzera... Elkarrizketa denborak eta egiteko aukerak ere gutxiago izango dira".

Akelarre filmeko protagonistak. Argazkia: David Herranz.

'Akelarre', Sail Ofizialean lehian

Drama historikoa da –XVII. mendean kokatuta dago–, eta "ikuspuntu garaikidea eta femeninoa" du. Espainiar-frantziar- argentinar film independenteak Arte International saria jaso zuen Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Foroan. Urriaren 2an estreinatuko dute zine aretoetan.

Marinelen herri txiki baten bizi diren neska talde bat da Pablo Aguero argentinarrak zuzendu duen seigarren filmeko protagonista; marinelak itsasoratu egin dira eta neskak bakarrik geratu dira herrian. Horietako bi dira Yune Nogueiras eta Lorea Ibarra. Maria Ibarguren da Nogueiras, –Ana protagonistaren ahizpa–. "Maria oso amatiarra da, oso behatzailea da eta dena kontrolpean izan gura du. Bi aurpegi dauzkala esango nuke", dio Bergarakoak. Arrasatekoak Oneka dela azaldu du. "Alaia da, baina halako egoera bat bizitzerakoan beldur handia sentitzen du eta bere buruan segurtasun falta".

Eskarmentu handiko lantaldea izan du Aguerok alboan; besteak beste, Javier Agirre, Argazki- zuzendaria; Mikel Serrano, Arte-zuzendaria; Nerea Torrijos, jantziteria-arduraduna; eta Maite Arroitajauregi –Mursego– arduratu da musikarekin.

Hainbat tokitan grabatu zuten: Lagan, Itziarren, Urbasan, Lesakan eta Saran. "Nahiko konplikatua izan zen, baina familia bat izan da taldea eta horrek asko lagundu digu", esan du Ibarrak, eta emaitzarekin gustura daudela gaineratu du Nogueirasek: "Asko gustatu zaigu, oso ondo eginda dago". Pantaila handian lehen esperientzia izan dute biek ala biek, eta gehiago egiteko gogotsu daudela azaldu dute Nogueirasek eta Ibarrak, hurrenez hurren: "Bilboko Dantzerti eskolako azkeneko mailan nago aurten; gehienbat, antzerkia egin izan dut orain artean". "Konturatu naiz etorkizunean lanbide honetan jardun gura dudala. Zinemaldian eskainiko duten Ane filmean ere paper txiki bat egin dut".

Filmak Urrezko Maskorra lortzeko dituen aukerei buruz galdetuta, Gallegok zalantza du aurtengo kiniela egiteko orduan: "Cannesko jaialdira joan behar zuten hainbat film Donostian lehiatuko dira; hortaz, aurtengo lehiaketa zaila dela uste dut".

Imanol Rayo Hil Kanpaiak filmeko zuzendaria, Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez aktoreekin. Argazkia: David Herranz.

Zuzendari Gaztea sariaren bila

Imanol Rayoren Hil kanpaiak filmak familia arteko gorrotoa, belaunaldi ezberdinen arteko gatazkak, ezkutuan gordetako gorpuak eta mendekua nahasten ditu. Tragedia ukituak dituen thriller beltzeko protagonistetako bat da Yon Gonzalez bergararra, –Garizmendi baserriko gertaera ikertuko duen polizietako bat da–; eta alboan ditu, besteak beste, Itziar Ituño eta Eneko Sagardoy. Zuzendari Gazteak sailean lehiatuko da.

Mikel Laskurain eta Jon Olivares, Patria grabatzen, Elena Iruretarekin. Argazkia: Ubane Madera.

COVID-19ak dirdirari irabazi

Dirdira eta glamourra izango da, baina ez da horren agerian izango, ez da-eta jairik egingo. Alfonbra gorria badago, baina bertan izango diren artistak ere ohi baino gutxiago izango dira. "Ez daukagu zerrenda osoa. Donostia saria jasoko duen Vigo Mortensen izango da; Woody Allen etortzekoa zen Rifkin's Festival aurkeztera eta badakit ahalegin handia egin duela Rebordinosek, baina, azkenean, taldeko beste batzuk etorriko dira".

Zinemaldia Goienan

Goiena.eus-en, Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan eta Arrasate Irratian jasoko dira Gallegoren kontakizunak.

Olivares eta Laskurain, 'Patria'-n

Sail Ozialean –lehiaketatik kanpo– estreinatuko du gaur HBO ikus-entzunezkoen plataformak zeresan handia sortu duen Patria telesaila. Ramon Arambururen eleberrian oinarrituta dago eta euskal gatazkaren erdian dauden lagunen eta familien arteko gorabeherak kontatzen ditu.

Iazko udaberrian grabatu zuten hainbat tokitan; adibidez, Soraluzen. Estra lanetan debagoiendar askok hartu zuten parte, eta, horrez gainera, Bergarako Jon Olivares eta Mikel Laskurain dira istorioko protagonistetako batzuk; Laskurainek jokatuko du Joxianen rola eta Olivares osintxuarrak horren semearena, Joxe Mari ETAko kidearena. Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz, Ane Gabarain, Iñigo Aranbarri, Susana Abaitua, Loreto Mauleon eta Eneko Sagardoy dira telesaileko beste aurpegi nagusia.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak