Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campuseko eraikina inauguratuko dute gaur, egubakoitza

Maialen Santos 2020ko ira. 18a, 08:19

Fakultate eraberritua.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campuseko Dorletako eraikin eraberritua inauguratuko dute gaur, egubakoitza, baita ikasturte akademikoaren hasiera ekitaldia egin ere.

Lehendakari Iñigo Urkulluk, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko presidente Amaia Agirrek eta dekano Begoña Pedrosak hartuko dute parte ekitaldian. 

Proiektu pedagogikoa bultzatuz

Goitik behera berritu dute, eta hedapen bat ere egin diote; 1.700 metro koadro izatetik 3.700 metro koadro izatera pasa dela azaldu du Huheziko dekanoak, Begoña Pedrosak. Dekanoak gaineratu duenez, duela lau urte "hausnarketa estrategikoa" jarri zuten martxan, eta hortik atera ziren ideien artean bat izan zen ardatza: proiektu pedagogikoari "bultzada" ematea. Hori egin ahal izateko, baina, beharrezkotzat jo zuten "espazioa birpentsatzea". Hala, hausnarketa zabaldu, eta komunitate osoko eragileak "gonbidatu" zituzten parte hartzera. "Hortik abiatuta gidalerro batzuk atera genituen diseinurako eta kontzeptualizazio osoa egiteko. Esan daiteke proiektu arkitektonikoa lerratzen dela behar pedagogikoarekin, eta baita unibertsitatea bizitzeko daukagun moduarekin", azaldu du Pedrosak.

Eskaintza akademikoa handitu zutelako izan dute espazio gehiagoren beharra. Eta uste du geletan ez ezik, "espazio osagarrietan" ere irabazi dutela: "Txoko txikiak diseinatu ditugu, eta hainbat espazio publiko ere badaude, modu osagarrian prozesu pedagogikoa sendotzera datozenak". Are gehiago, dio ikaste-irakaste prozesurako ez direla gela itxiak behar, "elkarrekintza eta sormena bultzatzeko" plataforma bat baizik.

Lau solairu ezberdin

Lau solairutan banatu dute eraikina. Behe solairuan egokitu dute kafetegia, "kultura bultzatzeko eta elkarrekintzarako espazio kolaboratiboa". Bip-lab izena daraman liburutegia ere erabilgarri egongo da aurrerantzean. Bertan daude ikerketarako txokoak, bakarkako zein taldekako lanetarako kubikuluak eta baita espazio ireki kolaboratibo bat. Digitalizazio estrategia ere "erdigunera" ekarri dutela azaldu du Begoña Pedrosak, eta "toki propioa" eman diote laborategi digitalari: "Momentu honetan hezkuntzan dauden beharrei erantzun gura diegu ikerketa eta transferentziaren ikuspegitik". Gaineratu duenez, komunitatea bertara hurbildu eta esperimenta dezan gura dute. Bulegoak ere hartuko ditu Dorletako eraikinak, eta gela "moldagarri" eta "anitzek" osatuko dute espazioa.

Urtebete pasatxo behar izan dute eraikina eraberritu eta "espazio irekia" egiteko. Jasangarritasuna ere "zaindu" dutela azaldu du dekanoak: "Material naturalak erabili ditugu, ahal izan dugun neurrian; zura, pinua... Landaredia ere jarri dugu fatxadan; klimatikoki eta termikoki lagungarria izan dadin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak