Eneko Carrascal: "Sevillan lortzen dudana urtea borobiltzeko da"

Xabier Urtzelai 2020ko ira. 18a, 18:00

Derrigor bete behar dituen segurtasun neurriak hartu ditu Eneko Carrascalek (Arrasate, 1999) entrenatzen hasteko, baina eguaztenean, bero itogarria lagun, bakarrik ibili zen Mojategin. Gainontzeko atletendako asteburuan, Madrilen, amaitu da denboraldia. Seguruenik, Carrascal da Espainiako Txapelketa absolututik pozik itzuli den bakarra; marka pertsonala egin du salto hirukoitzean (15,90) eta Sevillan, irail amaieran, domina jantzi nahi du. Aukeran, urrezkoa.

Gustura etorri zara Espainiako Txapelketatik.

Bai, oso sentsazio onak izan nituen eta marka pertsonala egin ahal izan nuen, laugarren sailkatuta. Ez da izan urte batere erraza eta bai salto hirukoitzean eta baita luzera saltoan (7,41) marka egitea lortu dut. Neguan lesio batetik nentorren, eta, hala ere, marka ona egin nuen, pista estalian ondo ibili nintzen, eta hori seinale ona izaten da aire librera begira.

Denboraldi xelebrea izan duzue, Espainiako Txapelketa uztailean beharrean irailean... Bai, eta txapelketa hau prestatzea ez da batere erraza izan, bereziki psikologikoki izan da zaila. Pentsa, uztailean bagenekien txapelketako eguna jarrita zegoela, baina, abuztuan oporrak izan beharrean hilabete osoa entrenatzen ibili eta gero, COVID19agatik azken orduan txapelketa bertan behera utziko balute? Tristea izango litzateke gero, abuztuan atsedenik hartu ez, gogor entrenatzen ibili, irailean sasoi betean egon, eta txapelketarik ez izatea.

Ze eragin izan du pandemiak zuen denboraldian?

Eragin handia izan du, ziurgabetasun handia egon da. Pentsa, gurekin batera Espainiako Txapelketan aurrean ibiltzen diren bospasei atleta min hartuta daude, denboraldiari neurria hartu ezinik ibili direlako. Konfinamenduaren ostean behar den moduan entrenatu ez dutelako, pisuarekin arazoak izan dituztelako, oinarria landu beharrean kalitatezko entrenamenduak azkarregi hasi dituztelako... Batek daki zergatik, baina min hartuta daude. Gure egutegia erabat irauli da, eta gu saiatu gara burua ez galtzen. Abuztuan, esaterako, erabaki genuen astebete atseden hartzea, erabat deskonektatzea. Eta ondorengo asteetan ondo entrenatzen ibili naiz, fresko egon naiz, eta sasoi puntu onean iritsi naiz hitzordura.

Eneko Carrascal, aste barruan Mojategin.

Halako urte gorabeheratsua izateko marka egitea ez da, ba, erraza izango...

Atletok sarritan esan ohi dugu markak gutxien espero duzunean azaltzen direla. Noski, aurretik ondo egin behar da lan.

Oraindik, baina, ezin duzu atsedenik hartu: irailaren 26ko eta 27ko asteburuan Sevillan lehiatuko zara; bi modalitatetan, gainera.

Halaxe da. Salto hirukoitzean eta luzera saltoan jardungo dut. Zapatuan izango dut lehenengo txapelketa eta domekan bestea.

Eta batetik bestera ondo errekuperatzen zara?

Luzera saltoan ez naiz horrenbeste nekatzen; salto hirukoitzean, ordea, gehiago kostatzen zait errekuperatzea. Izan ere, luzera saltoan inpaktu bakarra egoten da, baina salto hirukoitza gogorragoa da gihar eta tendoiendako, gehiago sufritzen dute. Esaterako, asteburu berean ezingo nituzke salto hirukoitzeko bi txapelketa egin, baina, bigarren egunean luzera saltoa badut, ondo moldatzen naiz. Txapelketako tentsioak berak ere neke handia sorrarazten du.

Salto hirukoitzean gertu duzu 16 metroko marka.

Bai, inoiz baino gertuago ikusten dut, eta Sevillan ahaleginduko naiz marka horretara gehiago gerturatzen. Marka hori lortzen dudanean egia da liberazio moduko bat sentituko dudala, hamasei metroko saltoa egitea jada bada marka txukun bat.

Ondoan baduzu langa hori gainditu duenik [Iñigo Uribarrenek 2016- 2017a denboraldian 16,17ko marka egin zuen pista estalian].

Iñigo ondoan izateak asko laguntzen dit. Elkarrekin entrenatzeko, batak bestea motibatzeko, akatsak zuzentzeko, gomendioak emateko... Entrenatzen pike onak izaten ditugu elkarren artean, askotan larregi [Barreak], eta horrek ere saltsa jartzen dio eguneroko lanari.

Luzera saltoaz gutxi egin dugu berba. Uztailean 7,41eko marka egin zenuen, eta hori da 23 urtez azpikoetan, aire librean, Espainiako urteko saltorik onena, maila absolutuan bosgarrena.

Luzera saltoan ere txapelketa ona egin gura dut Sevillan. Hor Hector Santos da kontrariorik gogorrena, hura da erreferentea, dagoeneko zortzi metroko marka egin du eta besteok baino koska bat gorago dago. Baina bizkarreko arazoekin dabil eta min hartuta dago, ez da txapelketan egongo. Ea hor ere aurrean ibil gaitezkeen. Azken batean, oraingo asteburuan Madrilen egindakoarekin eta pista estalian lortutako markekin denboraldia ontzat ematen dut. Helburuak bete ditut. Azken ahalegina geratzen zait, eta Sevillan lortzen dudana urtea borobiltzeko izango da.

Gainontzeko arrasatearrak euren marketatik urrun ibili dira

Arrasateko atletek ez dute, orokorrean, azken asteotan erakutsitako maila Madrilgo hitzorduan berretsi. Pertikarekin Malen Ruiz de Azuak zilarra irabazi zuen (4,22), baina irailaren 5ean, esaterako, 4,35eko marka egiteko gauza izan zen. Maialen Axpe, berriz, bosgarren izan zen (3,97). Istar Dapena ere bere marka onenetatik urrun ibili zen, eta 4,96ko saltoa eginda seigarren sailkatu zen. Eta salto hirukoitzean Iñigo Uribarren 9. postuan sailkatu zen (14,68).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak