22 positibo hauteman dira bailaran azken orduetan

Uxue Igarza Loiola 2020ko ira. 17a, 13:01

Herenegungo bideari jarraituz, atzo egindako PCR probek 22 COVID-19 kasu baieztatu zituzten Debagoienean: hamar Bergaran, zazpi Arrasaten, bina Oñatin eta Antzuolan eta bat Aretxabaletan. Hala, metatutako zenbatekoa 976koa da bailaran.

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 807 kasu baieztatu zituzten: 228 Nafarroan, 252 Bizkaian, 188 Gipuzkoan, 131 Araban eta 8 bestelako lurraldeetan hautemandakoen artean.

Bestetik, 67  lagun ospitaleratu zituzten  atzo erietxeetan, eta une hauetan 470 dira guztira ingresatuta daudenak; horietatik 68, ZIUn. Bukatzeko, oinarrizko birsorkuntza datua 0,87koa izan zen atzo EAEn.

Heriotzak Hego Euskal Herrian

Eguaztenetan argitaratu izan du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, orain arte, asteko balantzea –eta koronabirusaren eraginez erregistratutako heriotzen zenbatekoa–, baina aste honetan, xehetasunik eman gabe adierazi du azken astean 46 lagun izan direla Euskal Autonomia Erkidegoan zendutakoak. Datu hori gainerako asteetakoekin alderatuz gero, igo egin da; izan ere, 30 izan ziren aurreko astean zehar hildakoak. Hala ere, Osasun Sailak ez du jakinarazi noiz eta non erregistratu diren heriotzak.

Guztira, azken datuen arabera, pandemia hasi zenetik 2.353 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian COVID-19aren eraginez.

Gipuzkoako egoitzetan, hiru heriotza

Azken orduko datuen arabera, hiru egoiliar hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan (Donostin eta Errenterian), eta bestetik, 66 kasu aktibo daude; horietako bat da atzo jakinarazi zen Bergarako Mizpirualde egoitzakoa.

Isunak Bergaran, botila-festengatik

Asteburuan hamabi isun jarri zituzten Bergarako udaltzainek; horietako gehienak Ibargarain, botila-festak egiten ari ziren gazteei. Bestetik, martitzenetik eguaztenerako gauean ere sei isun jarri zituzten gisa horretako festak egiteagatik. Guztira, dagoeneko hogei gaztetik gora identifikatu dituzte udaltzainek, baina, azaldu dutenez, horietako batzuk arauak betetzen ari zirela-eta –maskarak jarrita eta segurtasun distantziak errespetatzen–, identifikatutako guztiek ez dute isunik jasoko.

Santutegiko hotelean, 10 lagun berrogeialdian

Uztailean 45 gela prestatu zituz-ten Santutegiko hotelean, asintomatikoak diren edo gertuko batek positiboa eman duelako berrogeialdia egin behar duten herritarrentzako. Une honetan hamar pertsona daude hotelean, eta zenbatekoa "seinale ona" dela azaldu dute bertakoek; izan ere, abuztuan 42 lagun izatera ere iritsi ziren.Bertan dauden pertsonek "asko jota" buruko mina dutela diote hoteleko arduradunek, eta sintomak larriagoak izanez gero ospitalera lekualdatzen dituztela. Azken asteetan "aldaketa eta gorabehera" handirik gabe ari direla adierazi dute, eta bide beretik jarraitzea espero dutela azaldu dute hoteleko kideek.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak