Uztailean eta abuztuan 50 salaketa proposamen jarri ditu Ertzaintzak

Maialen Santos 2020ko ira. 14a, 11:37

Bergarako ertzain etxetik GOIENAri azaldu diotenez, "maskara ez erabiltzeagatik" jarri dituzte salaketa proposamen gehienak bi hilabete horietan. Debagoieneko herrietako udaltzainek ere jarri dituzte salaketak, eta "ohartarazpen ugari" egin dizkiete herritarrei. 

Uztailean eta abuztuan 50 salaketa proposamen jarri ditu Ertzaintzak bailaran; zehazki, 19 Arrasaten, 14 Elgetan, 10 Bergaran eta bana Oñatin eta Antzuolan. Elgetako kasuan zehaztu dute, gainera, 13 laguneko talde bat topatu zutela "elkarrekin" eta "maskararik gabe".

Horretaz gain, botila festa egiteagatik lau salaketa proposamen jarri zituzten bi hilabete horietan Antzuolan, eta beste bat Arrasaten. Maskara jarrita ez eramateagatik jarritako isunak 100 eurora artekoak izan daitezke, eta botila festa egiteak dakarren isuna "udal bakoitzaren araberakoa" dela azaldu dute. "Hala eta guztiz ere, guk salaketa-proposamenak jartzen ditugu, eta gero, Eusko Jaurlaritza arduratzen da salaketa gauzatu eta isunak zehazteaz", argitu dute Bergarako ertzain etxetik.

Bailarako herrietako udaltzainek, berriz, azaldu dute azken hilabeteetan "ohartarazpen ugari" egin behar izan dituztela, "gehienetan, herritarrei maskara jartzeko eskatuz". Hala ere, azken asteetan geroz eta ohartarazpen gutxiago egiten ari dira, "neurriak jarri zirela aste batzuk pasa diren heinean, jendea neurriak barneratuz doalako, pixkanaka". Aretxabaletako udaltzainek adierazi dute batik bat tabernetako terrazetan maskararik gabe zegoen jendea ohartarazi dutela, eta Eskoriatzako udaltzainek ere gisa horretako 50 abisutik gora eman dituzte: "Jendeak terrazan dagoela aprobetxatzen du behar baino denbora luzeagoan maskara erantzita izateko", azaldu dute. Bergarako eta Oñatiko udaltzainek aitortu dute "lan pedagogikoa" egiten saiatu direla azken hilabeteetan, baina behin abisua emanda jaramonik egin ez duen jendea salatu egin behar izan dutela, "ezinbestean". Hala, Oñatin 30 salaketa inguru jarri dituzte uztailean eta abuztuan –gehienak uztailean izan dira– eta Bergaran, aldiz, identifikatu dituzten pertsona guztien %10 inguru salatu dituztela azaldu dute Udaltzaingotik. Arrasateko Udaltzaingoari lotutako datuak, azkenik, hilabete amaieran emango dituzte aditzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak