“Erretaula erraldoia da. Ikusgarria. Ikaragarria. Argi eta garbi esan behar da ez dela eskultura lana. Arkitektura lan itzela baizik”, azaldu du Jon Arroita Beragar monumentaleko gidariak.
Rococo estiloko erretaula da. Oskol formakoa. “Barroko eta rococo estiloen artekoa da. Erretaula bera ez dago elizaren hormaren kontra ipinita. Erretaula bere kabuz mantentzen da zutik. Hormaren eta erretaularen artean pasabidea dago”, esan du.Erretaulak hiru zutabe ditu eta zutabe horiek kapitel konposatua dute. Egur kolorea du Irazustak egindako lanak, eta polikromia tailetan bakarrik agertzen da. “XVIII. mendean egur koloreko erretaulek indarra hartu zuten. Oñatiko Bidaurretakoa eta Bergarako Seminariokoa dira adibideetako bi”, adierazi du.
Irazusta eta Salvador Carmona
Madrilgo Errege Jauregian lanean zegoen Miguel Irazustak egin zuen Santa Marinako erretaula. Hango taillagin nagusia zen, eta Bergarako lana egiteko, tailerra osorik ekarri zuen Madrildik. Hiru egur mota erabili zituen: gaztainondoa, haritza eta intxaurrondoa. Azken hori oso landuta dauden elementuak egiteko erabili zuen.Eskulturak dira erretaula nagusiari eta albo bietan daudenei kolorea ematen dietenek: Santa Marina, San Agustin, San Jeronimo, San Senen, San Abdon eta San Migel dira han daudenetako batzuk. Ikusgarriak. Batzuk, erraldoiak.
Baina guztiak egile berak egindakoak direla antzeman daiteke: Luis Salvador Carmona. “Maisulan ikaragarriak dira. Barroko eta rococo artean landutako eskulturak dira. Bikainak. Gorputz atalak oso ondo landuta daude. Jantziek duten mugimendua ikusgarria da”, aipatu du Arroitak. Era berean, Santa Marina parrokian dago Luis Salvador Carmonak egindako maisulan garrantzitsuenetakoa: Santa Teresaren irudia. “Lehenengoz ikus daiteke Santa Teresa Espiritu Santuarekin. Bera idazten dago, luma eskuetan duela, eta inguruan uso bat dauka”. Eskultura hori erretaula nagusiaren ezkerretara dagoen erretaula txikiaren goiko aldean dago.
Euskal gotiko berantiarra
Santa Marina parrokia bi fasetan eraiki zuten. Ondo bereizitako bi fasetan: lehenengoa 1508 eta 1607 artean eta bigarrena, 1648 eta 1672 artean. Urte asko izan baziren ere, estilo aldetik batasun handia dauka: euskal gotiko berantiarra da nagusi. Jatorrizko oinplano karratuak altuera bereko hiru nabe ditu. Horiek bereizteko, kapitel klasikoa duten lau zutabe ikaragarri daude. “Saloi itxura duen eliza da. Zutabeen kapitelak oso landuak dira”, aipatu du. Elizaren dorrea barroko estilokoa da eta 1701ean ipini zuten.
Eraikinak dituen lau pareta erraldoietan margolan erraldoiak daude. Aldareari begira ipinita, eskuineko paretan, Santa Marinaren martiria irudikatzen den koadroa dago. “Beti egon da Santa Marinan eta eliza eraberritu zutenean margolana eraberritzea erabaki zuten. Baina, duen tamainarengatik ezin izan zuten elizatik atera, eta barruan eraberritu behar izan zuten. Balio handiko lana da”, esan du.