Atzo atzemandako azken positiboek 156ra jaso dute orain arteko kasuen zenbatekoa Bergaran. Arrasaten, bestalde, guztira, 395 kasu baieztatu dira pandemia hasi zenetik, eta Antzuolan, berriz, 13.
Bestetik, Hego Euskal Herriko positiboek gora egin dute. Guztira, atzo egindako PCR probek 975 positibo atzeman dituzte: 342 kasu erregistratu dira Bizkaian, 340 Nafarroan, 174 Gipuzkoan, 97 Araban eta 22 beste lurralde batzuetan erroldatutakoen artean.
Erietxeetako egoerari dagokionez, atzo Hego Euskal Herrian 73 lagun ospitaleratu zituzten. Autonomia Erkidegoan, une hauetan 233 lagun daude ospitaleetan; horietako hiru Debagoienekoan. Eta bestalde, azpimarratzekoa da ZIUn dauden gaixoak 55 direla EAEn.
EAEko oinarrizko birsorkuntza datua 1,04koa zen atzo, eta hortaz, batez beste, kutsatutako pertsona bakoitzak beste bat edo gehiago kutsa ditzake.
Heriotzei erreparatuta, pertsona bat zendu zen atzo Nafarroan, eta dagoeneko 2.293 dira martxotik hona, Hego Euskal Herrian COVID-19aren eraginez hildakoak.
Bi kasu berri, Gipuzkoako egoitzetan
Azken orduetan beste bi adineko kutsatu direla jakinarazi du Foru Aldundiak: biak Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzakoak dira. Guztira, 55 dira une hauetan Gipuzkoako egoitzen sarean kutsatuta dauden egoiliarrak: Donostiako Hermano Garate - San Ignacion (2), Hernaniko Santa Maria Magdalenan (31), Errenteriako Jesusen Bihotzan (15) eta Donostiako Alai-Etxen (7).
Kutsatze-arriskua saihesteko azalpena
Sare sozialetan zabaltzen ari den irudia da honakoa. Bertan, gune desberdinetan eta hainbat egoeratan egon daitekeen kutsatze-arriskua azaltzen da.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.