Eragile feministek gogor kritikatu dute Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeko erabakia

Uxue Igarza Loiola 2020ko ira. 9a, 14:11

Jaurlaritza berriaren eraketaren ostean, Emakunde Gizarte Politiketako Sailera lekualdatzea erabaki du Gobernuak. Hautu horrek, ordea, berdintasun politika "publiko eta duinak" bermatzea oztopatzen duela iritzi dute Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideek.

Emakunde Lehendakaritzatik Gizarte Politiketako Sailera lekualdatu du EAJk eta PSEk osatutako Gobernuak, eta erabakia kritikatu du Mugimendu Feministak: "Erabaki horrek, bigarren maila batean kokatzen ditu berdintasun-politikak eta "emakumeen arazoak" konpontzeko politika espezifiko gisa tratatzen ditu, eta, finean, Gobernuaren praktika osoan eragiteko gaitasuna kendu". Euskal Herriko Mugimendu Feminista osatzen duten eragileen artean atxikimendu kanpaina bat abiatu da, jeltzaleen eta sozialisten erabakia salatzeko, eta "bizitzak erdigunean" jarri behar direla aldarrikatzeko.

Beatriz Artolazabalek gidatuko duen Berdintasun, Justizia, eta Gizarte Politiken Sail berriak ez du gainerako sailengan eragiteko gaitasunik izango, eta hori da feministek salatu dutena, haien iritziz Emakunderen politikek sail guztiak zeharkatu beharko lituzketelako: "Emakumeak kolektibo bat gara, eta ez biztanleriaren erdia baino gehiago, eta, gainera, kolektibo zaurgarria", gehitu dute.

"Legearen kontrako" prozedura

EHko Mugimendu Feministak argitaratu duen oharrean azaldu du Eusko Jaurlaritzak Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeko erabili duen prozedura "zuzenbidearen aurkakoa" dela: "Lege batek Lehendakaritzan kokatzen du Emakunde, eta azpiko maila juridikoa duen arau batek ezin du aldatu. Horrek esan nahi du –lege bat aldatzea ekarriko lukeelako– Jaurlaritzak aldaketa hori Eusko Legebiltzarretik igaro beharko lukeela, baina badirudi berdintasunaren arloan legeak urratu egin direla".

Mugimendu Feministak berdintasun-politika "sendo eta eraginkorrak" behar direla azpimarratu du, batez ere pandemia egoera honetatik irteteko. Hala, atxikimendu kanpainaren bidez Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi dio "akatsa" ahalik eta lasterren "zuzen dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak