Positiboen gorakada bailaran: hamasei kasu berri

Uxue Igarza Loiola 2020ko ira. 9a, 13:07

Azken boladako zenbateko handiena erregistratu zen atzo bailaran. Guztira, 16 izan dira atzemandako kasuak: 8 Arrasaten, 4 Aretxabaletan, 3 Oñatin eta 1 Eskoriatzan. Hego Euskal Herrian berriz, 857 izan dira erregistratutakoak.

844ra igo da Debagoieneko kasu metatuen zifra, atzoko egunez erregistratutako hamasei positibo berriekin. Arrasaten, guztira, 394 kasu baieztatu dira pandemia hasi zenetik, Aretxabaletan 110, Oñatin 119 eta 36 dira, Osasun Sailaren arabera, orain arte kutsatu diren eskoriatzarrak.

EAEko datuei dagokienez, Jaurlaritzak argitaratutakoaren arabera, gorakada nabarmena izan da lurralde guztietan. 9.906 PCR proba egin ziren atzo, eta 661 kasu baieztatu dira: 312 Bizkaian, 240 Gipuzkoan, 97 Araban eta 12 beste lurralde batzuetan erroldatutakoen artean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, berriz, 196 dira hautemandakoak.

Bestetik, ospitaleetako egoerak ere ez du hobera egin. 96 lagun ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herriko erietxeetan. Euskal Autonomia Ekidegoan 247 daude ingresatuta; horietatik 52, ZIUn. Gainera, Jaurlaritzak azaldu duenez, atzo erregistratutako oinarrizko birsorkuntza tasa 1etik gorakoa da –1,02koa zehazki– eta, hortaz, pandemia hasi da berriz hedatzen.

30 heriotza aste batean

Jaurlaritzako Osasun Sailak eguaztenetan jakinarazten ditu bilakaera epidemiologikoaren asteko datuak; tartean, heriotzen zenbatekoa. Azken astean, EAEn 30 heriotza erregistratu dira; halere, ez da zehazten nongoak diren zendutako pertsonak.

Adinekoen egoitzetan, bi positibo berri

Azken datuen arabera, Gipuzkoako egoitzetan beste bi egoiliar kutsatu dira (Donostian eta Errenterian), eta 53 dira une hauetan sare osoan dauden kasuak. Debagoieneko egoitzetan, ordea, ez dago kutsatutako egoiliarrik.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak