Adinekoen egoitzetan egoera "kezkagarria" dela salatu dute

Txomin Madina Milikua 2020ko ira. 8a, 21:46

Adinekoen egoitzetako egoiliarren senideen hainbat elkartek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsiodunen Mugimenduak "erabateko haserrea" agertu dute adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen eta langileen artean abuztuan izan diren heriotza eta kutsatzeak direla eta, eta azalpenak eskatu dizkiete agintariei.

Bizkaiko eta Arabako Babestu elkarteek, Arabako egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senitartekoek, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsiodunen Mugimenduak hedabideetara igorri duten ohar baten bidez, adinekoen egoitzetako egoera "kezkagarria" dela salatu dute. "Erabateko haserrea" agertu dute gainera abuztuan adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen eta langileen artean izan diren heriotza eta kutsatzeen harira.

Era berean, Lehendakariari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiei mendekotasuna duten adinekoen egoitzetan gertatzen dabilena azaltzeko eskatu diete, baita horren inguruan dituzten asmoen berri emateko ere.

Legebiltzarreko Gizarte Politiken Batzordean agertzeko eskaria

Foru Aldundiek emandako datuei erreferentzia eginaz, diote gorakada "kezkagarria" erakusten dutela, batez ere egoitza publiko, pribatu eta itundutako egoiliarren artean. Hori horrela izatea "onartezina" dela gaineratzen dute: " Ulertezina egiten zaigu sei hilabete baino gehiagoko pandemiaren ondoren egoitza-zentroak kutsatzeko guneak izaten jarraitzea. Agerikoa da prebentzioko, detekzio goiztiarreko eta ikuskapeneko protokoloek ez dutela funtzionatzen edo ez direla ezartzen; pertsonen arteko babes-neurriak ez direla nahikoak; instalazioak, egoitza askotan, ez direla erabiltzen kutsatzea modu eraginkorrean zaintzeko; eta zentroei ez zaizkiela eman erabiltzaileen osasuna bermatzeko behar diren baliabide materialak eta langile-kopuru nahikoa".

Hilabete hauetan, pandemiaren fase kritikoenean gertatutakoa berriz ez errepikatzeko berehalako neurriak eskatu dituztela gogorarazi dute eta salatu oraindik ere ez dela jarduketen hausnarketa autokritikorik egin. Era berean, bere garaian Legebiltzarreko Gizarte Politiken Batzordean agertzeko egin zuten eskaera lehenbailehen gauzatzea "garrantzitsua "dela azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak