Unibertsitatean ere aurrez aurreko eskoletara bueltan dira ikasleak

Jone Olabarria 2020ko ira. 4a, 14:09

Mondragon unibertsitateko ikasleek datorren astetik aurrera hasiko dute 2020-2021 ikasturtea. COVID-19ari aurre egiteko neurri bereziekin, "presentzialtasuna, hurbiltasuna eta pertsonalizazioa" ardatz dituen ikasturtea izatea gura dute.

Unibertsitate mailako ikasketei dagokienez, Mondragon Unibertsitateak eskaintzen du bailaran zenbait ikasketa egiteko aukera. Horien baitan, datorren astean hasiko dira unibertsitateko ikasleak lehen eskola presentzialetara itzultzen, eta beste batzuek datorren astetik aurrera egingo dute. Itzulera hori era mailakatuan eta fakultate edota graduen arabera egingo dute. Hala ere, neurri eta irizpide zehatz komunak ezarri dituzte, eskola jarduera garatzeko planean eta kontingentzia planean zehaztu dituztenak.

Neurri komunak campusetan

Higiene neurriei dagokienez, ikasle, irakasle eta langile guztiek eraman beharko dute maskara jantzita unibertsitatean, eta gel hidroalkoholikoa erabili. Distantzien kasuan, pertsonak elkartu daitezkeen guneetan –lokal sozialak, kafe makina, etab.– 1,5 metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da, baita sarrera eta irteeretan ere. Aire berriztapena areagotuko da lan eremu guztietan, igogailuak ez dira erabiliko behar-beharrezkoa ez bada, botoiak eskuekin ukitzea saihestuz, garbiketa indartuko da... Egoitza bereko espazio eta eraikinen arteko mugimenduak ahalik eta gehien murriztuko dira, pertsonak gurutzatzea saihestuz. Ira-kaskuntza-jarduera gehienetan, eskolak talde txikiagoetan banatu dira.

"Aurrez aurrekoa indartu"

MGEPk aurrez aurreko prestakuntza "maximizatu" nahi du ikasturte honetan, "kalitatezko goi mailako hezkuntzarako modalitaterik egokiena baita". Hala, eskolak prestatutako prebentzio planaren arabera, irailaren 14tik aurrera ikasgeletara sarrera eta irteera txandakatua izango da eta ordutegi zehatzak jarraituz egin beharko dira, titulu, kurtso eta talde bakoitzarentzat. Era berean, gela guztiek eta laborategi eta tailer guztiek etiketa bana dute, non edukiera zehatza ageri den. Ezin da edukiera hori gainditu.

Gainera, atsedenaldia kendu eta klaseen iraupena 50 minutukoa izango da, 10 minutuko tartea gordez eskolen artean. Bost espazio-gune mota desberdin ere aurreikusi dituzte: jarduera presentzialetarako gelak, online jardueretarako gelak, online jarduerak prestatzeko grabaketa gelak, praktikak egiteko laborategi eta tailerrak eta ordenagailu gelak.

Gune horien erabilera egiteko, txanda aldaketa bakoitzean gela bakoitza goitik behera garbituko da eta bai ikasgeletan bai ordenagailu geletan, ikasle bakoitzak beti toki bera izango du. Laborategietan, irakasleak eskularruak emango dizkie ikasleei, eta ziurtatuko du ikasle bakoitzak bere lanpostua garbitzen duela.

"Hurbiltasuna" ardatz

Irailaren 16tik aurrera hasiko dira Enpresagintza Fakultateko ikasleak Oñatiko campusera itzultzen. Gradu edo ikasketaren arabera egingo dute itzulera hori, baita mailaka ere. Hain zuzen ere, Mondragon Unibertsitatetik azaldu dutenez, 2020-2021 ikasturterako helburu nagusia da "presentzialtasuna, hurbiltasuna eta pertsonalizazioa nagusi izango dituen hezkuntza-eredua sustatzea, metodologia eta baliabide digitalekin aberastuta".

Oñatiko campusean dagoen Enpresagintza Fakultatetik ziurtatu dutenez, "segurtasun neurri eta protokolo guztiak beteta, azpiegiturak eta campusak prest daude ikasturtean aurrez aurre hasteko".

Huhezin ere protokoloa prest

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako ikasleek irailaren 28an hasiko dute ikasturtea, Eskoriatzako campusean. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleen kasuan, hilaren 14an hasiko dute ikasturtea, Aretxabaletan. Graduaren arabera, "presentzialitate maila desberdina" aurreikusten dute 2020-2021 ikasturtean. Hala, Haur eta Lehen Hezkuntza graduetan, esaterako, astero 2-3 eguneko aurrez aurreko saioak izango dituzte ikasleek Eskoriatzako campus berrituan. Ikus-entzunezko Komunikazioa graduari dagokionez, helburua da 3-4 eguneko presentzialitatea bermatzea Aretxabaletako campusean. Aurrez aurre egingo dituzten saio eta dinamiketan "talde txikietan" egingo dute lan, "osasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko". Eskolak online eran osatzea ere aurreikusten dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak