Gurutze Peñalba: "Publiko familiarra da euskarazko pelikulen kontsumitzaile nagusia"

Mireia Bikuña 2020ko ira. 5a, 09:30

Gurutze Peñalba, Zineuskadi elkarteko koordinatzailea.

Abuztuaren 21ean estreinatu zen Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan Bihurri pelikula, Zinema Euskaraz programaren baitan. Apirilerako zegoen aurreikusita estreinaldia, baina koronabirusaren pandemiak Zineuskadiren jarduna aldatu du.

Abuztuan estreinatu duzue Bihurri. Zelan joan da?

Aretoaren araberakoa izan da erantzuna. Edo, hobeto esanda, lekuaren araberakoa. Abuztuan, herri txikietako zinema-aretoak itxita daude, eta horietan erantzun oso ona jasotzen dute euskarazko pelikulek. Hiriburu handietan nekezagoa da, baina Donostian ondo funtzionatzen dihardu. Bilbon eta Gasteizen, okerrago.

Abuztua ez ei da hilabete onena estreinaldietarako.

Abuztuan zinema-aretoetan sartzetik harago, beste plan batzuk egiten ditugu. Are gehiago, aurten, hiru hilabete etxean pasa ostean. Dena den, karteldegian dauden pelikula batzuek erakutsi dute jendeak zinema behar duela. Santiago Segurak abuztuan estreinatzearen aldeko apustua egin zuen, eta ondo atera zaio. Tenet pelikulak era erantzun ona jaso du.

Zineuskadiren apustua euskarazko zinemagintza bultzatzea da.

2012an hasi ginen euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoarekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haurrendako eta gazteendako pelikulak bikoiztea bultzatzen du, eta euskara sustatu gura du zinemagintzan.

"HERRI TXIKIETAN BABES HANDIA DUTE ZINEMA EUSKARAZ EGITARAUKO PELIKULEK"

Nola aukeratzen duzue zein pelikula euskaratu?

Gazteleraz estreinatuko diren pelikulen zain egoten naiz. Zeintzuk diren dakidanean banatzaileekin egiten dut berba, pelikularen kopia bat euskaraz edukitzeko dagoen aukeraz. Bi aldeak ados gaudenean, bikoizketa estudiokoekin egiten dut berba, lana hasteko.

Bikoiztuko duzuen pelikula horren material guztia bikoizten duzue?

Bai, hala da. Banatzaileari eskatzen zaio material guztia: soinua, trailerrak, posterrak, publizitate iragarkiak, gidak, irratietarako kuñak...

Jakinekoa da aktore berberak hainbat ahots ezberdin egin ahal dituela. Baina... zenbat pertsona behar dira bikoizketa bat egiteko?

Pelikularen arabera izaten da. Adibidez, Lego 2 pelikulan aktore asko behar izan genituen, pertsonaia eta egoera ezberdin asko dituelako. Bestalde, irailean estreinatuko dugun Koko, dragoi txikia oihanean filmean aktore gutxiago egon ziren.

Zinema Euskaraz programaren baitan dauden pelikulak animaziozkoak dira, eta umeendako. Hori da produkzio mota horren kontsumitzailea?

Programarekin hasi ginenean, nerabeendako eta gazteendako pelikula batzuk bikoiztu genituen, baina segituan konturatu ginen adin tarte hori ez zela egokiena. Ostean, hasi ginen umeendako eta familiendako animaziozko pelikulekin. Eta asmatu dugu. Horiek dira euskarazko pelikulen kontsumitzaileak.

"URTEKO, BATEZ BESTE, HAMAHIRU PELIKULA BIKOIZTEN DITUGU ZINEUSKADIN"

Oraindik ere kosta egiten da euskarazko pelikula bat ikustera joatea?

Produkzio oso onak egiten dira euskaraz, jatorriz edo bikoiztuta. Baina joera da gaztelerazko pelikulak ikustera joatea. Zorionez, bidea egiten dihardugu.

Irailean Koko helduko da zinema-aretoetara?

Bai, hala da. Koronabirusak dena ipini du hankaz gora, baina Koko-ren ostean etorriko dira beste batzuk. Urtean hamahiru bat pelikula bikoizten ditugu, eta lanean jarraituko dugu euskarazko filmak bultzatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak