Aran Saiz: "Oso musikari onak ditut alboan; hiruon arteko komunikazioa erabatekoa da"

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 4a, 11:16
Aran Saiz musikari oñatiarrak hirugarren kontzertua eskainiko du disko berria argitaratu zuenetik. Argazkia: Iñigo Rollo.

Iritsi da, hamabigarrenez, Kulturate Akustikoak musika zikloa; gaur, egubakoitza, abiatuko da, eta sei kontzertu izango dira orotara, guztiak ere Kulturateko areto nagusian, 20:00etan, eta doan. Gehienez 86 pertsona sartu ahal izango dira, eta momentuan bertan kontrolatuko dute hori. Aran Saiz oñatiarra izango da artista debagoiendar bakarra.

Arrasateko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, talde hasiberrien eta eskarmentu handikoen musikaz gozatzeko aukera egongo da Kulturaten gaur hasi eta irailaren 13ra bitartean.

Pop, rock eta bestelako doinu akustiko lasaiak izango dira entzungai, bi asteburutan banatuta. Hala, 2020an sortu berri den De la Sierra taldeak emango dio hasiera zikloari gaur, egubakoitza. Bihar, zapatua, Pauline en la Playa bikotearen txanda izango da eta lehen asteburuko eskaintza Aran Saiz Triok itxiko du.

Hain zuzen ere, Aran Saiz oñatiarra izango da hamabigarren ziklo honetako debagoiendar bakarra, Iosu Izagirre baxujolearen eta Hasier Oleaga bateria-jolearen laguntzarekin.

2019ko ekainean argitaratu zuen taldeak lehenengo lana: Bidean. Hasiera hartan, Joseba Loinaz zen baxu-jolea, eta harekin grabatu zuten diskoa. Hala ere, iaz uztailean Oñatin emandako lehen kontzertuaren ostean, Iosu Izagirrek ordezkatu zuen. Geroztik, kontzertu bakarra eman dute, Gasteizen. Horrenbestez, taldearen hirugarren emanaldia izango da domekakoa. Oñatiarra gogotsu eta pozik azaldu da Kulturate Akustikoak zikloan jotzeko aukera edukitzeagatik. "Apustu inportantea egiten ari dira, eta garai hauetan, are gehiago. Izan ere, lehen zegoena baino atzerago geratzen ari da kultura, eta guretako oso garrantzitsuak dira halako ekimenak. Formatua ere oso egokia da taldearendako, leku itxian eta modu akustikoan. Ezin hobea da hori guretzat. Teklatuarekin, kontrabaxuarekin eta bateriarekin joango gara, eta hiruren arteko uztartzea oso ondo nabarituko da", dio.

Abesti melodikoak, "erraz entzuten direnak"

Saizek azaldu duenez, ordubete pasatxo iraungo du emanaldiak. "Bidean diskoko zortzi abestiak joko ditugu. Elkarren artean oso desberdinak dira, melodia erakargarriekin; erritmoarekin ere asko jolasten dugu, eta abesti guztiek, gainera, inprobisaziorako tarte bat daukate, freskotasuna irabazteko. Beraz, diskoan agertzen diren abestiak izango dira, baina inprobisazioa gehituta. Horiez gain, taldearen abesti berri bat eta bi bertsio ere joko ditugu: banakoa eta Mikel Laboaren Ihesa zilegi balitz", nabarmendu du.

Oso abesti errazak dira entzuteko, oso melodikoak, oñatiarraren esanetan. "Jendeak gustura entzuten ditu. Gainera, musikak asko irabazten du zuzenekoetan, freskotasun hori nabaritu egiten da. Hori dela eta, hasieratik izan dut feedback ona entzuleekin", aitortu du.

Goi mailako musikariak alboan

Ikasketa prozesu batean dagoela sentitzen du Saizek, eta "oso pozik" dago "goi mailako" bi musikarirekin lan egiteko aukera izaten ari delako. "Luxua da niretzako Iosu Izagirre eta Hasier Oleaga alboan izatea. Musikari trebeak izateaz gain, esperientzia handia daukate. Egia da nik ere badaukadala ibilbidea atzetik, baina musikaren beste arlo batzuetan, musika klasikoan edota abesbatzekin, esaterako. Hori dela eta, asko ikasten ari naiz haiekin".

Azken hori erabili du amu gisa musikazaleak animatzeko. "Domeka arratsalde baterako plan egokia iruditzen zait. Esan dudan moduan, oso musikari onak ditut alboan eta hiruron arteko komunikazioa ere erabatekoa da. Gure artean musika bizirik dagoela sentitzen dugu eta hori transmititzen saiatzen gara. Zuzeneko musikak beti irabazten du", azpimarratu du. Aurrera begira, gainera, lanean jarraitzeko asmoa daukate. "Kantu berriak sortzen segituko dugu eta, egoerak ahalbidetzen badu, kontzertuak eskaintzen ere bai".

Datorren asteburuan, beste hiru

Esan moduan, hiru emanaldi geratuko dira datorren astebururako. Irailaren 11n, Donibane Lohizuneko Tristtan Mourguyk gidatzen duen Murgi hirukotea etorriko da Arrasatera. Irailaren 12an, berriz, Amann & The Wayward Sons. Zikloa ixteko, azkenik, Bilboko Maren musikari gazteak eskainiko du kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak