Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 7.163 PCR proba egin zituzten atzo, eta 445ek eman dute positibo. Lurraldeka, 194 izan dira Bizkaian, 146 Gipuzkoan eta 89 Araban. Bestetik, 16 izan dira EAEtik kanpokoen artean hautemandako kasuak. Nafarroako Gobernuak bestalde, 1.415 PCR egin zirela azaldu du, eta horietatik 158 izan direla positiboak.
Erietxeei dagokienez, atzo 46 lagun ospitaleratu ziren EAEn –une honetan 249 pertsona daude ingresatuta; horietatik 33 ZIUn– eta Nafarroan, 4 pertsona. Bestetik, Nafarroako Osasun Sailak emandako datuen arabera, pertsona bat zendu zen atzo.
Bailarara etorrita, 6 positibo berri baieztatu dira Oñatin, eta dagoeneko 110 kasu erregistratu dira herrian. Gainerako positiboak Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan hauteman dira; bakoitzean kasu bat. Honako taula honetan ageri dira azken eguneko positiboak eta guztira, pandemia hasi zenetik, herri bakoitzean erregistratutako zenbatekoak.
HERRIA | ATZO HAUTEMANDAKOAK | DATU METATUA |
Antzuola | 0 | 10 |
Bergara | 1 | 142 |
Oñati | 6 | 110 |
Elgeta | 0 | 14 |
Eskoriatza | 1 | 34 |
Aretxabaleta | 1 | 95 |
Arrasate | 1 | 364 |
Aramaio | 1 | 6 |
Leintz-Gatzaga | 0 | 0 |
Debagoiena | 11 | 775 |
Irteerak etenda, Aita Menniko gizarte unitatean
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Adinekoen egoitzetan 9 egoiliar dira kutsatuta daudenak, atzo beste bi kasu baieztatu baitzituzten Hernanin. Bestetik, jakinarazi du hainbat egoitzatan neurriak zorroztu dituztela, segurtasuna bermatzeko, tartean, Arrasateko Aita Menni gizarte unitatean: erabiltzaileen irteerak etenda daude.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.