Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak asteburuko datuak argitaratu ditu gaurko boletin epidemiologikoan, eta guztira egin ziren 23.161 PCR probetatik, 1.948k eman dute emaitza positiboa: 1.106k Bizkaian, 504k Gipuzkoan eta 277 Araban. Bestetik, 61 izan dira EAEtik kanpo erroldatutakoen artean hautemandakoak. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez berriz, asteburuan 443 positibo atzeman dituzte; atzo, 161.
Bailarara etorrita, orotara 18 kasu baieztatu dituzte PCR probek asteburuan. Zehatzago esanda, egubakoitzean egindako probek 4 positibo atzeman zituzten Oñatin, 3 Arrasaten eta 2 Bergaran. Zapatuan, berriz, bina erregistratu ziren Arrasaten eta Bergaran eta 1 Aretxabaletan. Bukatzeko, atzo egindakoek kasu bana hauteman dute Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, 260 lagun daude Euskal Autonomia Erkidegoko erietxeetan, asteburuan 104 gaixo gehiago ospitaleratu ostean. Horietatik 35 dira ZIUn daudenak. Nafarroako Osasun Sailak azaldu duenaren arabera, berriz, 83 lagun daude ospitaleetan eta horietatik 8 ZIUn.
Bestetik, Osasun Sailak eguaztenetako boletinean emango du astean erregistratutako heriotzen berri, baina asteburu honetan COVID-19dun 4 adineko hil direla jakinarazi dute Bizkaiko egoitzek.
EAEn, R0 datua 1etik gorakoa izan da asteburuan –azken aldiko joerari jarraituz–, baina atzoko datua da azken egunetako positiboena: 1,08koa da birusaren birsorkuntza tasa.
Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, kasu bat
Astebetez Gipuzkoako egoitzetan COVID-19 kasurik egon ez den arren, Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroko erabiltzaile batek positibo eman duela jakinarazi du Aldundiak. Orain Eibarko Ospitaleko unitate soziosanitarioan dago, eta datozen orduetan PCR probak egingo zaizkie egoitzako erabiltzaile guztiei, baita harremanetan egon diren langileei ere.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.