Liburutegiak, ludotekak edota kultur zentroen gisako guneak identifikatu eta zerrendatzeko eskatu die EUDELek alkateei, baina horiek beharrezkoak diren kasuetan bakarrik erabiliko direla azaldu dute, osasun-baldintzak bete ahal izateko.
Ikastetxeak ikasturte osoan irekita egongo direla aurreratu du Jaurlaritzak eta baita jantoki-zerbitzuak ziurtatuta egongo direla ere, –bai eta behar bereziak dituzten adingabeentzako eskola-laguntza ere–, betiere, egoera epidemiologikoak horretarako aukera ematen badu.
Jaurlaritzaren desadostasuna Madrilekin
Bestetik, gaur Espainiako Gobernuak ikasturtearen hasierarako zirriborroa aurkeztu die erkidegoei, eta Isabel Celaak eta Salvador Illak azaldu dutenez, akordioa ia erabatekoa izan da. Jaurlaritza izan da desadostasuna azaldu duen erkidego bakarra, baina ez dute argitu zein den zehazki adostasun ezaren arrazoia.
Espainiako Gobernuaren zirriborroak dioenez, besteak beste, 6 urtetik gorako haurrek nahitaez eraman beharko dute maskara eta 1,5 metroko distantzia errespetatu beharko dute beti. Horrez gain, ezingo dira ikasgela desberdinetako ikasleak elkarrekin egon eta tenperatura hartu beharko dute denek, eskolara sartu orduko.