1.017 kasu berri erregistratu dira azken orduetan Hego Euskal Herrian: 253 Nafarroan, 131 Araban, 365 Bizkaian eta 243 Gipuzkoan, eta bestetik, 25 izan dira EAEtik kanpo erroldatutakoen artean atzemandako kasuak. Nafarroan, EAEn bezala, uda osoan erregistratutako daturik latzena izan da atzokoa, eta Tuterako Uvesa enpresan sortutako fokua da horren erantzuleetako bat: 175 kutsatze baieztatu dituzte dagoeneko, fabrikari lotuta.
Bestetik, EAEn, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 42 lagun izan ziren atzo ospitaleratutakoak, eta une hauetan 217 dira guztira, pandemiaren eraginez, Erkidegoko erietxeetan daudenak; horietatik 31, ZIUn. Bukatzeko, atzoko egunez erregistratutako birsorkuntza tasa 1,15ekoa da.