Lurraldeka banatuta, honela banatzen dira konfinamendua arintzeko faseko positiboak: Bizkaian 5.122 (%61), Araban 1.342 (%16) eta Gipuzkoan 1.890 (%23). Azken egunetako datuek esaten dute intzidentziak goranzko joera duela hiru lurraldeetan, baina, bereziki dira aipagarriak Arabakoa eta Bizkaikoa.
Positiboen profilari dagokionez, %52 gizonezkoa dira. Pandemiaren hasieran 60-70 urte artekoak ziren arrisku talde nagusia. Bada, azken datuek erakusten dute 15-29 urte artekoetan diagnostiko positiboen igoera nabarmena izan dela, bereziki, uztaileko bigarren astean. Gainerako adin tarteetako tendentzia ere goranzkoa da, baina, igoera motelagoarekin.
Egunik zailenak
Otsailaren 28tik abuztuaren 16ra arte 21.460 PCR proba egin dira EAE-n. Konfinamenduan zehar, positibo gehien hauteman zen eguna martxoaren 17a izan zen, 717 kasurekin. Aldiz, normaltasun berriko egunik zailena abuztuaren 15a izan zen. Egun horretan 578 positibo diagnostikatu ziren.
Nafarroakoak, egunekoak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenera arte ez ditu emango eguneko datuak. Bada, Nafarroakoak bai publikatu dituzte. Azken 24 orduetan 1.721 PCR proba egin dituzte, eta horietatik 153 izan dira positiboak. Beste egun batez, ez da hildakorik egon Foru Erkidegoan.
Bi pertsona ingresatu dituzte, baina, hamarrek jaso dute medikuaren senda-agiria.