Apiriletik, azken datu hauek dira okerrenak. Positibo kasuek goia jo dute, eta arduradunak kezkatuta daude. Osasun Sailburu Nekane Murgak adierazi du "egoera okertu" egin dela, eta tendentzia goranzkoa dela. "Ez gaude martxoko egoera berean, baina joera ez da ona", esan du gaurko agerraldian. Egunetik egunera positibo berriak hautematen diren arren, oraingoz, ez dago hildakorik.
Baina, ospitaleetan, geroz eta pertsona gehiago daude ingresatuta. Azken orduetan 50 pertsona ospitaleratu dituzte. Guztira, 180 daude ingresatuta, eta horietatik 21 daude ZIUn. Etor daitekeenari begira, hainbat ospitale hasi dira beraien antolakuntza berregituratzen. Besteak beste, Basurtuko eta Gurutzetako Ospitaleak. Debagoieneko Ospitalean egoera normala da. Ez dago kutsaturik ingresatuta. "Gurera etorri eta positibo ematen dutenak, Txagorritxura bideratzen ditugu. Hori da protokoloa", esan dute arduradunek.