Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak azpimarratu du hirugarren sektoreko entitate eta elkarteen sarea "gure gizarte politiken ereduaren oinarrietako bat" dela, eta "pandemiak azaleratu dituen behar sozialei ahalik eta erantzun onena emateko sustatzen jarraitu behar dugun ezaugarri bereizgarri bat».
Horren harira 310 proiektu babestuko dituzte: 98 erakunderen esku-hartze sozialeko 167 proiektu, 788.344 eurorekin; 68 erakunderen prebentzio eta sentsibilizazioko 84 proiektu, 220.181,5 eurorekin; gizarte premien ikerketa eta berrikuntzako 8 proiektu, 39.000 eurorekin; eta, azkenik, ekipamendua erosten lagunduko da 51 jardueratan, 31.649 eurorekin.
Tipologia ezberdinak
Proiektuen tipologiari dagokionez, nabarmendu behar da, alde batetik, mendekotasun eta desgaitasun arloei lotutakoen garrantzia (156 guztira), eta, bestetik, gizarte inklusioari lotutakoena (47). Azken horiei lotuta, pandemiak sortutako egoera kudeatzen laguntzeko, bost programa babestuko dira. Helburu nagusi bat dute programa horiek: autonomia pertsonala sustatzea eta mendekotasunak eta desgaitasunak eragindako behar pertsonalak eta familiakoak prebenitzea eta horiei erantzutea.
Maite Peña diputatuak ohartarazi du, pandemiaren ondorioz, bazterketa egoeran zeuden pertsonen eta kolektiboen egoera okertzeko arriskua dagoela. "Gero eta zaharragoa, pluralagoa eta konplexuagoa den gizarte batean bizi gara, eta testuinguru horrek erronka sozial handiak dakarzkigu; gainera, orain, pandemiak areagotu egin du erronka horiei erantzuna emateko premia", esan du.