Zerga bilketa ia %20 jaitsi da Gipuzkoan

Maider Arregi 2020ko abu. 12a, 15:02

Markel Olano Diputatu nagusia eta Jabier Larrañaga Ogasun diputatua. 'Gipuzko.eus'

Zerga bilketa %19,9 jaitsi dela Gipuzkoan jakinarazi du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakundeak iaz baino 456 milioi gutxiago batu dituela gaineratu du.

Guztira 1.831 milioi euro batu dira Gipuzkoan, 2019an baino 456 milioi euro gutxiago. Sarreretan izandako beherakada nabarmenak, %14,2, eragin duela zergen bilketaren jaitsiera azaldu du Aldundiak. Itzulketek, aldiz, %1,2 egin dute gora. "Beherakada batez ere zerga nagusietan islatzen da, COVID-19 gaitzak sortu duen mundu mailako pandemiak eragin duen osasun krisiak arlo ekonomikoan izaten ari den inpaktuak eraginda. PFEZaren eta Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, gainean, kontutan hartu behar da kanpaina hilabete luzatu dela", argitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Bestalde, behera egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 7 milioi (-%12,6) eta 0,9 milioi (-%3,2). Aldiz, hazi egin dira ondare irabazien gaineko atxikipenak, 9,8 milioi euro gehiago bildu baitira (+%46,9).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak 6,8 milioi euro gutxiago jaso ditu: sarrera gordinak 4,3 milioi euro jaitsi dira, eta itzulketak 2,5 milioi eurotan murriztu dira.

Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %16,6 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 107,8 milioi euro gutxiago: 74,5 milioitan jaitsi dira sarrerak (-%9), itzulketak 13,3 milioi jaitsi dira (-%3,1) eta lurralde arteko doikuntzak 46,6 milioi eurotan murriztu dira (-%18,6).

Zerga berezietan, Hidrokarburoen gaineko Zerga 40 milioi eurotan jaitsi da (-%16,8). Azkenik, Estatuarekiko doiketei dagokionean, BEZari dagozkionak 46,5 milioi eurotan murriztu dira, eta zerga berezienak 27,8 milioi eurotan okertu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak