Uztailaren 3az geroztik ez zen kasurik atzematen Gipuzkoako zaharren egoitzetako egoiliarren artean. Aldundiak gaur jakinarazi du, ordea, asintomatikoa den positibo bat detektatu dutela Donostiako egoitza batean. Eibarko ospitalera eraman dute, Gipuzkoako zahar etxeetan atzematen diren positiboak artatzeko gune berezira. Prebentzio moduan egiten diren PCR probetan detektatu dute kasua, eta zahar etxe bereko bi langilek ere eman dute positibo; guztira 10 dira egun birusa duten langileak. Gainerako egoiliarrei eta langileei ere egin diete testa, baina negatiboak izan dira guztiak. Kasuen ondorioz, bertan behera geratu dira Donostiako zahar etxe horretako egoiliarren irteerak.