Abian da Eusko Legebiltzarraren XII. legegintzaldia

Maider Arregi 2020ko abu. 3a, 13:00

Irekia.eus

Abian da hamabigarren legegintzaldia, eta bertan, sei debagoiendar egongo dira. Lore Martinez aretxabaletarra, Ander Rodriguez arrasatearra eta Rebeka Ubera elgetarra. EAJk, berriz, Aitor Urrutia eskoriatzarra eta Luis Javier Telleria antzuolarra. Alderdi sozialistaren ordezkaria Alberto Alonso oñatiarra izango da. Legebiltzarreko presidente, gehiengo osoz, Bakartxo Tejeria jeltzalea aukeratu dute, hirugarrenez.

 

Uztailaren 12an egin ziren hauteskundeetatik atera zen Eusko Legebiltzarrak gaur ekin dio hamabigarren legegintzaldiari. Lehenengo saioan, aukeraturiko 75 legebiltzarkideek nork bere aulkia hartu dute, eta gero, Legebiltzarreko Mahaiko bost kideak aukeratzeari ekin diote.

Bakartxo Tejeria jeltzalea hirugarrenez aukeratu dute Eusko Legebiltzarreko presidente lehen bozketan EAJren 31 eta PSE-EEren 10 aldeko botori esker eta gehiengo osoa lortuta. Hala, Bakartxo Tejeria eta Iñigo Iturrate (EAJ), Txarli Prieto (PSE-EE), Eba Blanco (EH Bildu) eta Gustavo Angulo (Elkarrekin Podemos-IU) izango dira Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak. PP+Cs eta Vox zuzendaritza organotik kanpo geratu dira. Adineko Mahaia osatu ondoren, Ganbera eratzeko saioa bertan behera geratu da 15 minutuz, taldeek euren hautagaiak Legebiltzarreko Mahaiko karguetara aurkez zitzaten. Hautagai jeltzaleaz gain, Amaia Martinez Vox alderdiko parlamentari bakarra aurkeztu da presidente izateko hautagai.

Tejeriak ezarri du legebiltzarraren hurrengo batzarraren eguna: abuztuaren 6an izango da, eta Bateraezintasunen Batzordea hautatuko dute orduan.

Minutu bateko isilunea

Eusko Legebiltzarrak minutu bateko isilunea egin du koronabirusak eragindako biktimen omenez, XII. Legegintzaldia osatzeko saioan 75 legebiltzarkideek eserlekuak hartu eta gero.

Lehendakariaren kargu-hartzea, irailean

Legegintzaldi berriaren asmoa da ahalik eta azkarren lanean hastea bereziki COVID-19ak eragindako erronkei aurre egiteko. Hala, eta ofiziala ez bada ere, Iñigo Urkullu lehendakari inbestituko duen saioa irailaren 3an egitea aurreikusi du Jaurlaritza eratu berriak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak