Gipuzkoako adinekoen eguneko zentroak gaurtik irekita daude

Maider Arregi 2020ko abu. 3a, 10:49

Gipuzkoako adinekoen eguneko zentroak gaur, abuztuak 3, ireki dira berriro. Egoitzetako irteerak, aldiz, abuztuaren 11n hasiko direla "segurtasun berme guztiekin" adierazi du Maite Peña diputatuak.

Peñak jakinarazi du eguneko zentroak eta egoitzetako irteerak behin-behinean eta prebentzioz eten zirela uztailaren 18an, osasun-agintariek hala gomendatuta; eta abuztuaren 3tik aurrera, Osasun Sailak gomendioa egin ondoren, berriz ireki direla adinekoen eguneko zentroak –Eibarren, Elgoibarren, Orion eta Zarautzen kokatuta daudenak izan ezik–. "Betiere egoera epidemiologikoak aukera ematen badu; eta COVID-19ren ondorioetarako ahulenak diren pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzea helburu hartuta, gure erabateko lehentasuna izaten jarraitzen baitu", gaineratu du.

Gogorarazi du, gainera, zentroak itxita egon diren denboran, eguneko zentroek egunero egin dutela jarraipena telefonoz, eta premia handiena duten kasuetan, arreta indartu dela etxean bertan. Egoitzetako irteerei dagokienez, izaera terapeutikoa duten irteerak ere jarraipena izan dutela.

"Asko ikasi dugu denok azken hilabeteetan, baina egoera oso aldakorra da. Oso gertutik jarraitzen dugu birusaren bilakaera eta baita sor daitezkeen agerraldiak ere. Horretarako, Zaintza eta Alerta Sistema martxan dugu, neurriak ahalik eta lasterren hartzeko", esan du Maite Peñak. Beraz, hartutako neurriak pandemiaren bilakaeraren mende geratzen dira, eta zabaldu, murriztu edo baliogabetu egin daitezke, egoera epidemikoak hala eskatzen badu.

Bisitak egoitzetan

Bisitei dagokienez, diputatuak gogorarazi du ekainaren 8an berriro hasi zirenetik kasu puntualetan baino ez direla eten, inguruko egoera epidemiologikoaren ondorioz. Osasun Sailak uztailaren 18an egindako gomendioen ondoren, pertsona bat sartu ahal izan zen bisita bakoitzeko; eta uztailaren 24tik aurrera, Gipuzkoako egoitzetan, adinekoen zein desgaitasunen bat dutenen egoitzetan, bi pertsona sartu ahal izan dira bisitetara. Bisita-plan guztiak aztertu eta berrikusi bezain laster, Gipuzkoako Foru Aldundia kasu bakoitzean dagozkion neurriak aplikatzen hasiko da. Diputatuak gaineratu duenez, martxoan abian jarritako Besarkada birtualak programak martxan jarraituko du, bisita presentzialak eta birtualak uztartzeko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak