35 eta 40 gradura arte iris daitezke termometroak hilaren 30ean eta 31n

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 29a, 17:53

Afrika iparraldetik iritsiko den aire beroak muturreko tenperaturak eragingo ditu datozen bi egunetan, eta Euskal Meteorologia agentziak alerta laranja aktibatu du, bihar 12:00etatik gauerdira arte piztu daitezkeen suteengatik.

Bihar eta etzi, tenperatura maximoak, 35 eta 40 ºC artekoak izango dira, eta Euskalmetek azaldu duenez, hegoaldeko haizearen intentsitateak eragotzi egingo du brisa sartzea. Tenperaturarik altuenak Gipuzkoa eta Bizkaia barnealdean espero dira, eta iluntzean, metatutako beroaren ondorioz, bero-hodeiak eratu daitezkeela iragarri dute; baita ekaitz-zaparradak ere.

Aldi berean, Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du biharko EAE osoan, baso-suteak izateko arriskuagatik. 12:00etatik gauerdira arte egongo da indarrean, tenperatura oso altuak, hegoaldeko haizea eta hezetasun erlatibo baxuak izango baitira nagusi. Ostiralean, berriz, arriskua mantenduko da, baina intentsitatea jaitsiko da: alerta horia ezarri dute.

Egoerari aurre egiteko gomendioak

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak likido asko hartzeko gomendatu du; batez ere, ura, deshidratazioa saihesteko. Horrekin batera, alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duen edariak ekidin behar direla gehitu du, eta hobe dela otordu arinak egitea.

Bestetik, etxean leihoak eta pertsianak ixtea ere aholkatu du, eta bero gutxien egiten duen uneetan etxea aireberritzea. Bestalde, kalean edo kirola egitean, une beroenak saihesteko esan du agentziak.

Intsolazioen aurrean, zer?

Pertsona batek intsolazioa jasaten badu, leku fresko batera eraman eta buruan eta besazpietan zapi bustiak jarri behar zaizkio. Eta ahal bada, ura eman edateko gatzarekin eta bikarbonatoarekin nahastuta. Konortea galdu badu eta botaka egiten badu, burua albo batera begira jarri eta arnasa hartzeko bideak libre utzi behar zaizkio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak