Laguntza-programak aurkeztu ditu Jaurlaritzak, hezkuntzara eta 3. sektorera bideratuta

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 28a, 15:57

Eusko Jaurlaritzak laguntza-programak aurkeztu ditu hezkuntzara eta hirugarren sektorera zuzenduta: 60 milioi euro baino gehiago bideratuko dira hezkuntzara eta 5,7 milioi, turismo, ostalaritza eta merkataritza sektorera.

Erkorekak azaldu duenez, 5,7 milioi euroko programa da 3.sektorea sustatzeko aurkeztu dutena, eta 20 eta 60 euro arteko zenbatekoa duten 4 bonu mota aterako dituzte: "Helburua da 620.000 bonu jaulkitzea Euskadiko merkataritzaren, jatetxeen, ostalaritzaren eta turismoaren jarduera dinamizatzeko. Batez ere, tokiko eta eskualdeko negozioak, eta horregatik, turismoarekin eta ostalaritzarekin zerikusia duten mikro-enpresa txiki eta ertainei laguntzea da programaren ardatza".

Euskadi Turismo Bonua eta Euskadi Bonodenda bonoak aterako dituzte 2 alditan. Bonu horiek 18 urtetik gorako herritarrek erosi ahal izango dituzte, eta deskontu-bale gisa erabiliko dira.

Merkataritzara zuzenduta Euskadi Bonodenda izenekoak kaleratuko dituzte: 10 euroko deskontuak eragingo ditu 30 euroko gutxieneko erosketetan. Guztira, lau bonu eskuratu ahalko ditu erabiltzaile bakoitzak, eta hortaz, 40 euroko deskontua lortuko du. Sailburuek azaldu dutenez, bonuak merkataritzaren eremuko mikroenpresetara, enpresa txikietara eta ertainetara daude zuzenduta.

Turismora eta ostalaritzara bideratutako Euskadi Turismo Bonuak, berriz hiru modalitate izango ditu. Lehenengo eta bigarren modalitateak saltokietara, ostalaritzako eta jatetxeetako enpresetara eta interes turistikoko jardueretara daude zuzenduta. Guztira, 5 edo 10 euroko deskontuak ezarriko dira, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako. Hirugarren modalitatean, hau da, alojamendu turistikoetan 20 eurokoa izango da deskontua, gutxienez 60 euroko erosketetarako Herritar bakoitzak halako bi bonu eskuratzeko aukera izango du, gehienez.

Irailean, ikastetxeetara itzulera

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 60 milioi euro baino gehiagoko laguntza-programa aurkeztu du. Besteak beste, 28,5 milioi euro zuzenduko dira unibertsitateko beketara, 8,7 milioi euro doktoratu aurreko kontratuetara, 14,38 milioi euro hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzera eta 8,47 milioi  ikastetxe publikoetara.

Bestetik, Uriartek azaldu duenez, Jaurlaritza "lanean ari da" irailean ikasgeletarako itzulera prestatzeko. Gehiago zehaztu ez duen arren, eskoletara bueltatzea "segurtasun-baldintza osoetan" egin ahal izatea bermatu nahi dute, ikasle, irakasle eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak