Oñatitik Elorregira arteko zatiak 7 kilometro ditu; Artixa ibaiaren ondoan egiten da ia ibilbide guztia eta, Oñatin hasiz gero, beherantz izango litzateke bide guztia; nahiz eta kontrako noranzkoan egiteko ere oso erosoa izan. Herrien arteko lotura sustatzeko balio du bidegorriak; bai aisialdirako, eta baita lanera joateko ere erabiltzen da.
Erabilera mistoa du hainbat tartetan
Bidegorriak 3,50 metroko zabalera du ibilbidearen zati handienean: 2 metroko errei bat ziklistentzako da eta 1,5 metroko beste bat oinezkoentzako. Horrez gain, erabilera mistoa edo partekatua du hainbat tartetan, ibilgailu motordunak ere onartuak daudelako. Tarte hauek, batez ere, industria guneetan eta baserri inguruetan daude.
Paisai ederra eskaintzen du
Oñatitik irten, eta Torreauzo, Garibai, Santxolopeztegi eta Zubillaga auzoak pasa behar dira Elorregira iritsi aurretik. Gipuzkoako bidegorri ia guztietan errepikatzen den paisaia ikus daiteke hemen ere: baserri, zuhaizti, mendi magal, ibai eta larreen ondoan, fabrikak eta lantegiak, kontrastez beteriko paisaia osatuz. Hala ere, industria guneak pasa ondoren paisaia ederra eskaintzen du Oñati eta Elorregi arteko bidegorriak: mendi magal berdeak, pinudiak, Aloñako mendi lerroa, baserriak...
Elorregira iritsitakoan bi noranzko izango dira aukeran: Deba ibaian gora egin eta Arrasate aldera; edo, Deba ibaian behera egin eta Bergara aldera hartzea.