Zaraiako mendilerroan barrena: Degurixan bira

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 27a, 14:30

Degurixako lautada, hainbat txabola ikusten direla.

Aizkorri-Aratz parke naturaleko mendebaldeko sarreran kokatuko gara gaur. Izan ere, Zaraiako mendilerroan ibiliko gara; gehienbat, eremu karstikoan eta pagadietan barrena ibiliko gara.

Oñatiko Araotz auzotik Santikurutzeko leporako bidea hartu eta bertan autoa aparkatuko dugu. Han hasiko dugu gaurko ibilbidea. Santikurutzetik, Aretxabaletako Ugaztegi auzoa mendebalderantz utzita, hegoalderanzko bidea hartuko dugu, Ezateko lepora iritsi arte, Andarto mendiaren ekialdetik.

Ezateko lepoan, Degurixara jaitsi ordez, hegoalderantz jarraituko dugu eta, 15-20 minutu inguru egiten ditugunean, Gazteluko Haitza (1.100 metro) tontorrera igoko gara, pagadi batean barrena. Tontor hartatik, ikuspegi ederrez gozatu ahal izango dugu; batez ere, eguraldi ona eginez gero.

Gazteluko Haitzetik jaitsi eta Amuategiko tontorrerako (1.191 metro) bidea hartuko dugu, hegoalderantz, Elgeako errota eolikoekin topo egin arte –Gipuzkoa eta Araba probintzien arteko muga definitzen dute errota eoliko horiek–.

Handik, mendebalderantz jarraituko dugu, parke eolikoan barrena, Mugarriluzeko dolmenera heldu arte. Amuategiko tontorretik Mugarriluzerako bidea azkar egiten da, 20-25 minutu inguruan. Mugarriluzetik ipar-mendebalderanzko norabidea hartuko dugu, pixkanaka jaitsita, Leizargarateko aterpetxera heldu arte –20 bat minutu ingurutan egingo dugu bide hori–. Leizargarate toki aproposa da geldiunea egiteko eta zerbait jateko. Izan ere, aterpetxe bat dago han, eta etxetik eramandako hamaiketakoa egin dezakegu.

Degurixako lautada

Behin indarrak hartuta, pista jarraituko dugu, ipar-ekialderantz. Arlutzeko tontorrera (1.134 metro) heldu arte –ordu erdian han gaude–. Ekialderanzko bidea hartuko dugu, eta zenbait txabola dauden Degurixako lautadatxo ederrera helduko gara. Hura ere leku polita eta lasaia da, eta handik dauden ikuspegi ederrez gozatu ahal izango dugu.

Degurixatik aurrera jarraituko dugu, Ugaztegira doan pista hartuta eta Andartoko tontorra ekialdean utzita. Iparralderantz jarraituko dugu, mendi pista eta basoan barrena, Ugaztegi auzora heldu arte – ordu erdi inguruan egingo dugu bide hau–. Ugaztegi auzotik aurrera jarraituta, berriro ere Santikurutzeko lepora helduko gara, ibilbidea hasi dugun leku berera, kotxea aparkatuta daukagun lekura.

Lau ordu inguru

Ibilbide honen distantzia egokia da goiza pasatzeko. Izan ere, erritmo egokian –hiruzpalau kilometro inguru orduko– eginez gero, lau ordu inguruan bukatuta dugu ibilbidea. 16 kilometroko ibilbidea da, paisaia dotoreak dituena.

Fitxa teknikoa:

• Distantzia: 15 km inguru.

• Iraupena: 4 ordu inguru.

• Zailtasuna: Erraza.

• Ibilbidea: Zirkularra.

• Seinaleztatuta: Ez.

• Bide mota: Mendi pistak eta bidexkak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak