11 izan dira hiru egunetan egindako PCR probek Debagoienean hauteman dituzten kasu berriak: egubakoitzean egindako probek kasu bana baieztatu zituzten Arrasaten eta Oñatin; zapatukoek, kasu bana Arrasaten eta Bergaran; eta bukatzeko, atzo egindakoek 5 positibo atzeman zituzten Arrasaten, eta bana Aretxabaletan eta Oñatin.
Bestetik, Osasun Sailak argitaratutako datuek adierazten dutenez, 13 ospitaleratze berri erregistratu dira asteburuan EAEn –5 egubakoitzean, 4 zapatuan eta beste 4 domekan– eta oinarrizko birusorkuntza tasa 1etik gorakoa izan da hiru egunetan; altuena, 1,34koa, egubakoitzean.
Pandemiaren bilakaera, herriz herri
Taulan pandemia hasi zenetik erregistratutako datuak daude jasota, eta asteburuan baieztatutako kasuak batuta daude lehenengo zutabean.
Herria | Asteburuan erregistratutakoak | Positibo akumulatuak | Positiboak 1.000 biztanleko |
Antzuola | 0 | 7 | 3,29 |
Bergara | +1 | 77 | 5,26 |
Oñati | +2 | 55 | 4,85 |
Elgeta | 0 | 11 | 9,68 |
Eskoriatza | 0 | 20 | 4,63 |
Aretxabaleta | +1 | 67 | 9,43 |
Arrasate | +7 | 270 | 12,34 |
Aramaio | 0 | 5 | 3,41 |
Leintz-Gatzaga | 0 | 0 | 0,00 |
Moderna hasi da txertoa frogatzen
Gaur ekin dio Moderna farmazeutika estatubatuarrak txerto esperimentala frogatzeari. Fase aurreratua deritzon horretan, 30.000 boluntariok parte hartuko dute eta 100 mikrogramoko dosi bat edo plazebo-dosi bat jasoko dute, ausaz. Horrela, sortu duten sendagaia gaixotasunari aurrea hatzeko gai ote den frogatuko dute.
Gobernuaren partetik 955 milioi dolarreko finantziazioa lortu du Modernak saiakera klinikoaren hirugarren fasea zabaltzeko. Hasierako aurrekontua bikoiztea lortu dute, sendagaiak lehenengo faseetan izan duen arrakasta dela-eta. Guztira, bostehun eta mila milioi dosi artean ekoiztea espero dute estatubatuarrek.
Modernak aurreratu duenaren arabera, hiru faseak gainditu eta erregulazioaren onarpena lortzen duenean, AEBko eta Espainiako laborategietatik sortuko dituzte dosiak, merkatu global nagusiak hornitzeko. Halere, aditzera eman dutenez, lehentasuna estatubatuarrek izango dute.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.