Uda sasoi berezia aurten ostatuetan

Jone Olabarria 2020ko uzt. 24a, 11:50

Turista talde bat Oñatiko Arrikrutz kobetan bisita gidatua egiten, maskara jantzita dutela.

Bailarako herritar askok kanpoan igaro ohi dituzte urtero udako oporrak; batez ere, abuztuan; era berean, ugari izaten dira Debagoiena bisitatzera etortzen direnak. Aurten, baina, erreserba "ezegonkorrak" nagusi direla azaldu dute bertako ostatuetan.

Uztaileko eta abuztuko hilabeteei begira, orokorrean "itxaropentsu" zeuden Debagoieneko ostatuetako jabeak aurtengo uda den-boraldiaren hasieran. Atzerriko erreserba gehienak bertan behera geratu diren arren, eta Euskal Herriko eta Espainiako turismoa denboraldia salbatzeko gakoa izan zitekeelakoan, hasiak ziren erreserbaren batzuk jasotzen. Azken asteetako agerraldiek eta horiei lotutako neurrien zorrozteak, baina, sektorea kaltetu egin dutela adierazi dute bailarako hainbat ostatutako jabeek. Hain zuzen, erreserba ugari azken bi asteetan geratu dira bertan behera, ostatuetako jabeek aitortu dutenez.

Mankomunitatetik zehaztutako datuen arabera, Debagoienean, guztira, 720 ohe inguru daude turismora bideratuta eta aurtengoaz galdetuta aurreikuspenen bat egitea "oso zaila" dela aitortu dute Mankomunitateko Turismo Sailetik, baina, hala ere, iazkoarekin alderatuta denboraldi "ezohikoa" izango dela azaldu dute, zalantza barik.

Okupazio maila onean

Bailarako ostatuen egoeraz galdetuta, askotariko kasuak daude, herri, ostatu mota edo lokalizazioaren arabera. Badira aurreikuspen "nahiko ona" dutela aitortu duten ostatuak; Eskoriatzako Aterbe eta Oñatiko Arregi nekazaritza-turismoak kasu. Eskoriatzatik azaltzen dutenez, "erdia baino gehiago" erreserbatuta dute abuztura begira: "Espainiatik etorritako turismoa da, orokorrean. Hala ere, orain arte asteburuetan ere hartu ditugu turista dezente, hauek Euskal Herrikoak; Bilbo ingurukoak asko".

Oñatiko Arregi nekazaritza-turismoan ere antzerako egoera bizi dute; abuztuko lehenengo hiru asteetan "ia beteta" dute ostatu osoa. Hala ere, adierazi dute azken asteetarako oraindik badituztela "lekuren batzuk": "Kantzelazio ugari izan ditugun arren, nahiko aurreikuspen ona da. Abuztuko azken astea apur bat lasaiago dago, baina badugu itxaropena". Hartu ohi duten turistaren profilaz galdetuta, Espainiatik etorritakoa dela diote: "%75, bikoteak; eta bestela, familiak"

Datuok iazko zifrekin alderatuta agerian geratzen da azken urteetako tendentzia: Oñatik hartu ohi ditu turista gehien bailaran eta bertan izaten da okupazio maila altuena. 2019an, esaterako, 24.971 bisitari jaso zituen herriak ekaina eta abuztua bitartean.

Itxita, erabaki propioz

COVID-19ak eragindako "ziurgabetasun egoera" medio, aurtengo uda denboraldirako ostatua itxita mantentzea erabaki dute hainbat negoziotako jabeek. Elgetako Barrenengua nekazaritza-turismoan, esaterako, langileak soilik hartu dituzte azken asteetan, baina, turistei dagokienez, aurten txanda-pasa egitea erabaki dute. Ildo beretik ere, Aramaioko Uxarte nekazaritza-turismoan: Aste Santua baino lehen, langileak izan zituzten, baina ostean, itxita izatea erabaki dute. "Zabaltzeko moduan gauden arren, ez dugu dei edo kontsulta askorik izan; hortaz, oraingoz, itxita jarraitzea erabaki dugu. Gau baterako edo logela bat hartzeko deitu digute, baina ez digu merezi". Arrasateko Arteaga landetxean ere, jatetxea ohiko martxan lanean duten arren, ostaturik ez dute eskainiko aurtengo uda denboraldian.

Hotelak, bereziki kaltetuak

Denboraldia salbatzeko itxaropen gutxien dutenen artean daude hotel eta pentsioetako arduradunak. Bergarako Ormazabal hotelean, esaterako, erreserba "gutxi dituztela" aitortu dute: "Iazko abuztuarekin alderatuta, ezer ere ez". Azaldu dutenez, ez dakite egoerak nola egingo duen aurrera, baina, egoera normalean, abuztu hasieratik erdialdera "beteta" izaten dute hotela.

Aretxabaletako Jausoro pentsioan ere bat datoz, eta iazko egoerarekin konparatzerik ez dagoela diote. Abuztura begira badituzte hainbat erreserba, bai-na bertan behera geratu daitezkeela ohartarazi dute: "Egoerak aurrera nola egiten duen ikusi beharko da. Gaur bertan, kantzelazio bat izan dut; bederatzi egunerako erreserba bost egunera murriztu dute Bartzelonatik datozen bezero batzuek. Esan didatenez, ezegonkortasuna eta hemen aurki dezaketen egoera izan dira arrazoi nagusiak".

Bezeroek euren jatorrizko herrietan duten egoerak ere kantzelazio horiek behartu dituela azaldu dute Jausoro ostatuko arduradunek: "Abuztuan etortzekoa zen familia baten jatorrizko herrian agerraldi bat izan dela eta bertatik irten ezinda daudela esanez deitu zuten aurrekoan, eta, hortaz, ez dutela etortzerik izango".

Egun bakarrean, 23 kantzelazio

Biteri hiribidean kokatuta dagoen Arrasate Hotelean bizi duten egoera "zaila" dela azaldu dute. Atzo bertan, bezero ezberdinen artean, 23 erreserba geratu ziren bertan behera, eguerdia aurretik. Azaldu dutenez, alarma egoerak iraun zuen bitartean erreserba asko utzi zituzten bertan behera bezeroek, baina, azken hilabeteetan egoerak eta erreserbek apur bat hobera egingo zutela zirudien arren, biru-saren agerraldi berriek bezeroen artean "ziurgabetasuna" eragin dute: "Ia beteta genuen aurtengo uztail eta abuztua, baina erreserbak bertan behera uzten doaz bezeroak eta ez dakigu nola joango den denboraldia. Iaz, data hauetan, %95eko okupazioa izan genuen; aurten, %30era iritsiz gero, pozik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak