Pello Urizar: "Bidea EH Bildu indartzea da, iraganari begira egon barik"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko uzt. 24a, 14:00
Pello Urizar, oraingo astean, Arrasaten.

Ekainaren 20an, 10 urte bete dira Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak elkarlanerako estrategia hitzartu zutela. Batasun horrek emandakoez, alderdiaz eta azken hauteskundeez dihardu duela urtebetera arte EAko idazkari nagusi izandakoak. 

Epaitegiek atzera bota dute EAko korronte kritikoak primarioen prozesuari jarritako salaketa. Ze deritzozu? 
Logikoa iruditzen zait epaia. Edozein erakunde, baita alderdi politikoak ere, estatutuen baitan egituratzen dira. Baina badira beste lege batzuk estatutuak gainditzen dituztenak; datuen babeserako legea, esaterako. Hori izan da alderdiko bi korronteen arteko eztabaida. Alderdiko buruei eman diete arrazoia epaileek.

Eba Blanco idazkari nagusi izateari zilegitasun osoa ematen diozu?
Lehendik ere bazuen, baina orain, epaileen berme guztiarekin.

Zenbateraino egin diote kalte alderdiari barruko eztabaidek eta ageriko desadostasun horiek?
Kalte handia. Jende arruntari ez dio bi piper inporta. Halako liskarrek zalantza sortzen dute jendearengan. Etxe barrua gobernatzeko gauza ez bazara, nola gobernatu behar duzu Herria? 

Formez harago, eztabaida politikoa alderdiaren norabide estrategikoaren gainekoa da. 
Bai. Badira ikuspuntu ezberdinak. Uste dugu euskal gizarteak eskatzen duela konpromiso handiagoa alderdien partetik gizartearekiko eta ez horrenbeste markekiko. Iraganari begiratu baino gehiago aurrera begiratu behar da. Uste dut bidea dela EH Bildu indartzea. Beste hautuak ez luke hori ekarriko. 

Zauriak utz ditzakete alderdian ika-mika horiek?
34 urte egin behar ditu EAk aurten. Izan ditugu zatiketa agerikoak. Baina gaitasuna izan dugu ezberdintasunak gainditzeko eta aurrera egiteko. Duela 10-11 urte hasitako bidea ari da fruituak ematen. 

"Geratu gara beste 3 ordezkari izateko 1.800 botora. Hiru lurraldeetan. Bereziki, Araban eta Bizkaian"

10 urte bete berri dira EAk eta ezker abertzale ortodoxoak elkarlanerako hitzarmena sinatu zenutela. Orduan hasitako bideak arrazoi eman dizue?
Uste dut baietz. EAko idazkari nagusi izateko aukera eman zidatenean, lehenetsi nuen Herriari begira jartzea. Egoera tamalgarria zen. Aukera politiko bat legez kanporatua. Horren ondorioz, Eusko Legebiltzarrean gehiengo faltsu bat eta handik eratorritako Gobernu bat. Nafarroan eta EAEn, interes espainolak lehenesten zituzten gobernuak. Soilik bost legebiltzarkide independentista Legebiltzarrean, EAko bakarra eta Aralarko laurak. Ezker abertzalean eztabaidan ari ziren beste bide bat hartzeko, Bateragune auzikoak atxilotu zituzten… Testuinguru hartan, apustu politiko sendoa egin genuen ezker abertzalearekin. Ondorioz, 10 urteren ostean, bai Euskal Herriaren Iparraldean eta baita Hegoaldean ere EH Bildu eragile politiko oso inportantea da. 

Ze irabazi du EAk jeltzaleengandik urrundu eta ezker abertzalerantz hurbilduz?
1986an, 13 legebiltzarkide genituen Gasteizen, Donostiako Belodromoa goraino betetzeko gaitasuna geneukan… Nostalgiko jarriz gero… EAren orduko argazkia eta egungoa ez dira igualak. Baina alderdia ez da helburua. Tresna da. 1986an, EAJrengandik zatitu ginenean, eta gaur egun horrela pentsatzen dut. EAk lortu du tresna eraginkorra izatea Herriaren eraldakuntzarako. Egia da duela 10 urte EAk bere eraginkortasuna galduta zuela, baina baita ezker abertzaleak ere. Oso kultura politiko ezberdineko pertsonak batu ginen, erabiltzen genuen jerga politikoa ere oso ezberdina zen, eta praktikoak izan ginen, helburuak lehenetsiz. 

Zenbateraino igartzen da EAren eragina koalizioan?
Ezker abertzaleko kultura politikotik zetorren hainbatek esan dit gaur egun sozialdemokrazia aurreratu bat dela benetako iraultza. EH Bildu ildo horretan ikusten dut. Ikusi besterik ez dago duela 10 urte zein zen EAren mezua edo posizio ideologikoa eta zein zen ezker abertzalearena, eta gaur egun zein den EH Bildurena. Ez da EAren mezua. Egia da. Baina lortu dugu denen mezuak aintzat hartuta helburu eta politika eraginkorrak egitea. 

"Batzuetan, ikasgai ona da herritarren konfiantza galtzea. Uste dut bagabiltzala berreskuratzen konfiantza hori"

Ze iruditu zaizkizu azken hauteskundeetako emaitzak?
Gazi-gozoak izan dira. 2016ko hauteskundeekiko hiru legebiltzarkide gehiago lortu ditugu. Eta alderdi politiko bakarra izan gara boto kopuruan igo dena. Sekulako emaitzak izan dira. Baina, era berean, beste hiru legebiltzarkide izateko 1.800 bototara geratu gara. Hiru lurraldeetan. Bereziki, Araban eta Bizkaian. 

Ezingo da egin ezkerreko gobernurik, Elkarrekin Podemos-IUk eskatzen zuen moduan…
Ezin genezake tranparik egin. Besteak beste, PSE-EE ez dagoelako ideia horretan; oso eroso dago oraingo egoeran. Bere garaian, Ramon Jauregi [PSE-EE] Jose Antonio Ardantzaren [EAJ] itzalpean egon zen eta hutsegite hura errepikatzen ari dira orain. 

Arrasaten, zure herrian, EH Bildu da lehen indarra. Ze irakurketa egiten duzu?
Uste dut joera bat erakusten duela. Ez bakarrik Arrasaten. Ari gara konfiantza berreskuratzen. 2015ean galdu genituen udal piloa. Orduan entzun genion Herriari eta aintzat hartu genuen hark esandakoa. Ikasgai ona da, batzuetan, herritarren konfiantza galtzea. Uste dut bagabiltzala berreskuratzen konfiantza hori.

Zerk egin zuen huts herritarren konfiantza galtzeko?
Gobernuan zaudenean, edozein erabaki hartzen duzula ere, herriarekin bat datorrena izan behar da. Hori lortzen ez baduzu, erabakia, ustez, Herriarendako ona izanda ere, ez da lortuko helburua. Hobe da geratu, pedagogia egin, eta denek batera hartzea erabakiak. Gainera, 2011n, Bilduren errealitatea gaur egungoaren oso bestelakoa zen. EAk, Alternatibak eta independente batzuek osatutako azken orduko koalizioa izan zen Bildu. Ez zeukan egitura propiorik. Ezta erakunde handietako esperientziarik ere.

Gaur egungo Jaurlaritza indartuta atera da, batez ere hauteskundeen irabazle izan den EAJ?
Ez. Egia da EAJ izan dela irabazle eta PSE-EErekin gobernatuz gero erabateko gehiengoa luketela. Bestetik, pena ematen dit aurreko legealdian autogobernu ponentziak aurrera egin ez izanak. EAJko sektore batek nahi zuen, Joseba Egibarrek, esaterako, baina beste batek ez. 

EAJk eta EH Bilduk azken urteetako emaitzarik onenak lortu dituzte hauteskunde hauetan, justu, autogobernuaren edota subiranotasunaren gaia gutxien aipatu denean. Bi indar abertzaleen profil moderatuenak saria izan du?
Gizarte normalizatu baten bageunde, Estatua duen nazio bat izango bagina, ekinbide sozialak hartu beharko luke protagonismoa. Alde soziala identitarioaren gainetik. Baina ez gaude egoera horretan. COVID-19aren alarma egoerak erakutsi digu hori. 

EAJk jaso ditu PPrenak izan ziren botoak eta EH Bilduk Elkarrekin Podemos-IUrenak izandakoak? 
Bai. Duela lauzpabost urte, Podemosek ilusioa sortu zuen eta boto asko jaso zituen. Orain galdu dituenak. Bestetik, EAJk segitu du Azkunak Bilbon erakutsi zion bidea. 

"EH Bildu izango da alternatiba etorkizunean. Hemendik lau urtera, zortzi urtera…" 

EAJren nagusitasunari alternatibarik ikusten diozu EAEn edo Eusko Jaurlaritzan? 
Bai. EH Bildu izango da. Hemendik lau urtera, zortzi urtera…

Bakarrik ezingo da izan, ala?
EAJ ere ez doa inora bakarrik.

Ikusten duzu EH Bildu PSE-EErekin?
Orain ez. Baina [Jesus] Egigurenek eta [Arnaldo] Otegik erakutsi zuten elkarrekin ari gaitezkeela. 2011n, Foru Aldundian, lehen akordio fiskala PSE-EErekin egin genuen.

Urtebete da alderdia utzi zenuenetik. Lasaiago bizi zara orain?
Beste erritmo baten. Orain asteburuak libre ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak