HERRIA | POSITIBO METATUAK | POSITIBOAK 1.000 BIZTANLEKO |
Antzuola | 7 | 3,18 |
Bergara | 76 | 5,07 |
Oñati | 52 | 4,58 |
Elgeta | 11 | 9,66 |
Eskoriatza | 20 | 4,92 |
Aretxabaleta | 66 | 9,30 |
Arrasate | 263 | 11,92 |
Aramaio | 5 | 3,32 |
Leintz-Gatzaga | 0 | 0,00 |
Datu gehiago eta grafikoak ikusgai daude Goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Bestalde, EAEn kasu gehien Bizkaian detektatu dituzte, 93 zehazki. Gipuzkoan, aurreko eguneko antzerako datuak mantendu dira, eta 38 dira azken orduetan baieztatutako COVID-19 kasuak. Azkenik, Araban sei positibo atzeman dituzte; eta EAEn erroldatu gabeko beste kasu bat. Nafarroari dagokionez, 66 izan dira azken orduetako positiboak.
EAEko birsorkuntza tasak pixkanaka behera egiten jarraitzen du; aurreko eguneko 1,71tik 1,59ra jaitsi da azken orduetan. Azken orduetan bestalde zazpi pertsona ospitaleratu dituzte eta beste hiru pertsona ZIUn.
Nekane Murga Osasun sailburuak nabarmendu duenez, "Euskadi da estatuan PCR proba gehien egiten dituen erkidegoa". Azaldu duenez, herritarren %14ari egin dio Osakidetzak PCR probaren bat, osasun krisia hasi zenetik. Murgaren hitzetan, proba asko egitea bezain garrantzitsua da segurtasun distantziak mantentzea, eta ildo horretan maskara erabiltzea "ezinbestekoa" dela esan du. Neurriak harturik, transmisioa komunitarioa "ekidin" daitekeela azpimarratu du osasun sailburuak.
Bergara
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu dutenez, azken datu epidemiologikoak kontuan izanda, prebentzio-neurrien aplikazioari "segida" emango zaie Bergaran, Eibarren, Ermuan, Tolosan eta Zarautzen. Aldiz, "indargabeturik geratzen dira" Ordiziarako ezarritako neurriak, "haren egoera epidemiologikoak bilakaera positiboa" izan baitu.