Zaharren egoitzetan COVID-19aren hedapena saihesteko neurrien berri eman du Aldundiak

Maialen Regueiro 2020ko uzt. 20a, 15:53

Aldundia Gipuzkoako 65 zaharren egoitzetako arduradunekin bildu da, COVID-19aren azken ordukoa ezagutzeko asmoz, baina baita azken egunetan hartutako neurrien berri emateko ere. Izan ere, zapatuan lurraldeko hainbat egoitza ixteko agindua eman bazen ere, neurri hori Gipuzkoa osora hedatu da.

Aldundiak "prebentzioa, aurrea hartzea eta erantzun azkarra zorrozten" jarraitzearen garrantzia azpimarratu du bileran eta birusaren hedapenari "adi" jarraitu behar zaiola gaineratu du.

Horrekin batera, abian jarritako zaintza eta alerta sistemaren harira, honela mintzatu dira Aldundiako ordezkariak: "Ikuskapenak indartu dira, zentroetako prebentzio-planak berrikusten jarraitu da, arreta indartzeko baliabide berriak ireki dira, eta Prestakuntza Plan Integrala prestatzen ari da, egoitzetako lan-taldeak osatzen dituzten langile guztiengana iritsiko dena".

Zentroen itxiera

Azken egunetan, COVID-19 kasu positiboak dituzten eskualde eta udalerrietako zaharren egoitzak itxi egin dira, Goierrin, Debabarrenan, Tolosan, Getarian eta Zarautzen, besteak beste. Baina, orain muga horiek lurralde osora zabaldu dira.

Langileen lanari eskertza

Egoitzetako langileen lan "goresgarria" eskertu nahi izan dute Aldunditik: "Pertsona, egoiliar, langile eta familia guztien inplikazioa erabatekoa izan da eta da, guztion ahalegina oso handia da eta asko eskertzen dugu haien lana".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak