"ETArekin hartu-emanak genituela ziotenean, ETAk estortsioa egiten zigun"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko uzt. 17a, 09:00

Jesus Catania, Donostian –hantxe bizi da–, joan den astean.

Espainiako errege-erreginak 2004an Arrasatera etorri zirenekoa gogora ekartzen dute gaur Puntua-k eta Goiena telebistak. Jesus Catania MCCko buru ohiak dihardu orduko hartaz. Testuingurua eta bisitaren arrazoiak kontatu ditu eta inoiz esan bakoak ere bai, esaterako, ETAren estortsio-gutunak jaso zituztela MCCko zuzendaritzako kideek.

Hamasei urte dira Espainiako errege-erreginak Arrasateko kooperatibetara gonbidatu zituztela, eta Goiena: 20 urte 20 albiste erreportaje sortaren barruan gai horri helduko dio gaurko Puntua-k. Horretaz gain, gaur, egubakoitza, 23:00etan, Goiena telebistak gai horren bueltan egindako erreportajea emango du.

Erreportajeko protagonistetako bat Jesus Catania da. Mondragon Taldeko –orduan MCC– presidentea izan zen 2002tik 2007ra bitartean. Eta esklusiban egin du berba Goienako kameren aurrean. 2004ko abenduaren 9an, Espainiako Juan Carlos I.a eta Sofia errege-erreginak etorri ziren Arrasatera, MCCko zuzendaritzak gonbidatuta. Garaia ikerkuntza gunearen lehen harria jartzera eta Fagor Etxetresna Elektrikoen linea berria, Garagartzan, inauguratzera etorri ziren.

Urteetan, isilpean

Gonbidapen horren atzean, baina, beste motibo batzuk zeuden, orduko MCCko presidenteak aurreratu moduan: "Espainiako eskumako hainbat sektoretatik, bereziki ultraeskuinarekin lotura estua zutenen partetik, presioak jasotzen genituen. Kanpaina antolatuak ziren, MCC eta ETA lotzen saiatzen ziren, eta zuzen jotzen zuten MCC taldeko zenbait enpresaren kontra. Bereziki, Eroskiren, Fagorren eta Caja Laboralen kontra. Hala, Espainiako errege-erreginak gonbidatu izana kanpaina horri aurre egiteko estrategia moduan ulertu behar da", adierazi dio Goienari Cataniak.

"Espainiako eskumako hainbat sektoretatik presioak jasotzen genituen. Kanpaina antolatuak ziren, MCC eta ETA lotzen saiatzen ziren"

Horrekin batera, hedabideen aurrean lehenengoz aitortu du 2002an ETAren partetik estortsio gutuna jaso zutela taldeko zuzendaritzako kide guztiek, eta 2004an beste gutun bat jaso zuten. MCCk ETArekin hartu-emanak zituela leporatzen zieten batzuek. "Eta, bitartean, ETAk estortsioa egiten zigun", adierazi du Cataniak. Eta zera gehitu du kooperatiben taldeko buru ohiak: "ETAren partetik gutun bat jasotzerakoan, hiru aukera zeuden: isilik geratu eta ezer ez egin; ordaindu; edo poliziari estortsioaren berri eman eta euren gomendioak jarraitu. Guk hirugarren aukeraren alde egin genuen eta Eusko Jaurlaritzatik babes osoa jaso genuen. Bereziki, laguntza psikologikoak lagundu gintuen asko. Zuzendaritzako batzuek ez zioten inori ezer kontatu, nik emaztearekin egin nuen berba, eta erabaki genuen seme-alabei ezer ez esatea. Duela lauzpabost urtera arte isilpean mantendu dugu, eta halako batean gaia atera zen eta gutunak erakutsi nizkien etxekoei, biak ditut gordeta".

Bisitak, ezinegona

ETAren mehatxu horrez aparte, dena den, Espainiako errege-erreginen bisitak ezinegona, eztabaida eta haserrea piztu zituen herritarren eta MCCko langile askorengan. Eta orduko mobilizazioak eta testuinguru politikoa ere erakutsiko ditu Xabier Urzelaik Puntua-n eta Goiena telebistan landu duen erreportajeak. Hala, esate baterako, Cataniaren testigantzaz gain, Utzune Urrizalki Herri Anitza herri plataforma legez kanporatuko kidearen eta Maria Agirre kazetariaren berbak ere jaso ditu erreportajeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak