Jaien edo ekitaldien programa ofizialak "ekiditea" gomendatu die Eudelek udalei

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko uzt. 16a, 18:27

Pasa den asteburuan Oñatin Trianako jaiak ospatu zituzten, neurri zorrotzekin eta pilaketak ekidinez.

COVID-19aren transmisio komunitarioak prebenitzeko gomendioen dekalogoa helarazi die Eudelek udalei. Zehaztu dutenez, neurrien zerrenda, batez ere, udari begira eginda dago, "festak edota baimen gabeko jarduera oro egitea eragozteko, jende-pilaketak eragin baititzakete".

Eudeletik azaldu dutenez, pandemiak eragindako egoera "era koordinatuan" kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailarekin EUDELek duen "lankidetza estuaren barruan" egin da dokumentua eta gaur bertan helarazi zaie alkateei. Izan ere, udalak gizartearengandik hurbil egonik, jendea kontzientziatzeko egiten duten lana "garrantzitsua" dela azpimarratu dute.

Eudel eta Osasun saila: COVID-19aren transmisio prebenitzeko dekalogoa

1. Jakinarazpen publiko guztietan herritarrei ospakizunek edo pertsonen kontzentrazioek COVID-19a transmititzeko dakarten arriskuaren berri ematea, eta herritar guztien erantzunkidetasuna aipatzea.
2. Jaien edo ekitaldien programa ofizialak egin daitezen ekiditea. Jai-ekitaldiak zabaltzeko kartelak edo bestelako bitartekoak ez sustatzea.
3. Konpartsak, blusen eta nesken kuadrillak, lagunarteak, taldeak, ostalaritza, kirol-taldeak eta gizarte-eragileak jaiak edo ekitaldiak EZ antolatzeko eta EZ ospatzeko inplikaraztea.
4. Edukiera eta pertsonen artean gomendatutako distantzia fisikoak (1,5m) kontrolatzeko moduko kultura- edo entretenimendu-jarduerak eta -ikuskizunak egiteko aukerak baino ez ematea eta, horretarako, hori guztia betetzeko neurriak ezartzea eta, bestela, ekitaldia etetea aurreikusita izatea.
5. Espazio publikoa azokako ikuskizunetarako, txosnetarako, salmenta-postu ibiltarietarako edo antzekoetarako erabil daitezen ekiditea, baldin eta haietan segurtasun-neurriak betetzen direla bermatu ezin bada.
6. Ostalaritza ixteko ordutegiak betetzea eta, hala, taldekatzeak eta alkohola beste espazio publiko batzuetan kontsumitu daitezen ekiditea.
7. Udalerrian arrisku gehien duten eremuak eta pertsonen kontzentrazioak dituzten ordutegiak identifikatzea, prebentzio-neurriak izatea, pertsonen zirkulazioa antolatzea eta espazioak pertsonen arteko segurtasun-distantzia gorde ahal izateko moduan banantzea edo sektorizatzea.
8. Txoko, sozietate gastronomiko, gazteen aisia-lokal eta erabilera publikoko titulartasun pribatuko espazioei ordutegiak eta araudia bete behar dituztela gogoraraztea eta betetzen dituztela zaintzea.
9. Prebentzio-neurriak ezartzea, baldin eta sare sozialen bidez deialdi jendetsuak egiten direla jakiten bada, besteak beste: barrera mekanikoak jartzea eta horiek ez ospatzeko zaintza ezartzea. Egun zehatzetan, udaltzainen eta Ertzaintzaren presentzia areagotzea, indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzeko.
10. Udalerritik kanpo pertsona-pilaketa handia egon daitekeelako susmorik badago, disuasio-neurriak aktibatzea, besteak beste: ibilgailu partikularren eta garraio kolektibo publiko eta pribatuen sarbidea zailtzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak