Atzoko txostenaren arabera, 60 izan ziren positibo berriak eta gaur, 58. Gutxiago bada ere, datuak kezkagarriak dira, ez baitzen halakorik erregistratu maiatzaren hasieratik. Horietako kasu bat Eskoriatzan atzeman da, eta dagoeneko 20 dira kutsatutako eskoriatzarrak. Hala, ondoriozta daiteke, 1.000 herritarretik 4,63 hartu dutela gaitza.
Bestetik, 390 test azkar egin zituzten atzo EAEn, eta 21 positibo baieztatu dituzte serologia bidez. Ospitaleetako egoerari dagokionez, 4 alta eman zituzten eta 3 izan ziren PCR positiboarekin ospitaleratutakoak. Bestetik, 13 izan ziren negatibizatutako kasuak.
Heriotza bat ere erregistratu zen atzo, eta oinarrizko birsorkuntza tasa 1,54koa da; pandemia hedatzen ari dela adierazten du datu horrek.
Nafarroan, 22 positibo
Nafarroako Osasun Sailak jakinarazi duenez, 22 kasu berri hauteman dituzte azken orduetan; horietatik bi Iruñerriko foku berri bati lotutakoak dira. Ospitaleratzeei dagokienez, atzo pertsona bat ingresatu zuten, eta, une honetan, 12 dira Nafarroako ospitaleetan daudenak –horietako bat ZIUn–.
Murrizketak, datuak ematerakoan
Nekane Murga Osasunerako sailburuak jakinarazi duenez, bihartik aurrera –hilak 17–, Koronabirusaren egoera epidemiologikoari buruzko informazioa "era laburtuan" emango dute. Azaldu duenez, asteburuan ez dute daturik emango, eta informazio hori astelehenean eguneratuko dute. Horrez gain, txostena egunero argitaratu beharrean, astean behin egingo dute publiko: asteazkenetan. Bertan, aurreko asteko astelehenetik iganderako informazioa hartuko da kontuan.
Bestetik, egunero informazio jakina emago dutela ere adierazi du, baina orain arte eman ditzuten zenbait datu aipatu gabe; ezingo da jakin aurreko eguneko heriotza kopurua eta oinarrizko birsorkuntza tasa. Emango duten informazioa hurrengo hau izango da: bezperan egindako PCR proba kopurua, positibo izandako kasuen kopurua –eta kasu horien banaketa herrialde historikoka, udalerrika, osasun-zentroka– eta ospitaleratze berrien eta ZIUn izandako ospitaleratze berrien kopurua.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.