Fagor Arrasatek ebaketa-lerro automatizatu batez hornituko du SSAB, muga elastiko handiko altzairua lantzeko. Suediako konpainia mundu mailan erreferentziazko altzairutegietako bat dela azaldu dute kooperatibakoek, eta prestazio handiko lerroa dela haientzat egin dutena: “Eskuragarri dauden azken teknologia eta automatizazio guztiak biltzen dituena, eta horrek aukera ematen dio produktibitate eta errentagarritasun-maila altuak lortzeko”.
Erabat automatizatutako prozesua
Fagor Arrasatek sortu duen lerroa gai da 150 m/min-ko abiadurarekin, altzairu erresistenteenak prozesatzeko, (muga elastiko altukoak) 6 mm eta 1550 mm arteko lodiera duten bobinekin. Horri lotuta, ebaketa- tresneriaren edo bereizgailuen posizio aldaketa automatikoki egiten dela azaldu dute, automatizazioak prozesuan abantailak dituela: "Makinaren doikuntza-denborak laburtu eta eskuzko eragiketak murriztu daitezke, eta horrek langileen ergonomia eta segurtasuna hobetzen ditu. Taldeak, gainera, txirbil- pikatzaile bat dauka soberan dagoen txatarrari berriro balioa emateko".