Agerraldia egin du Nekane Muga Osasuneko sailburuak, eta egoera epidemiologikoaren jarraipena egin du. Sailburuak atzoko txostenean falta ziren datuak ere eman ditu, eta "arazo tekniko informatikoak" izan zituztela azaldu du.
Bi egun hauetan heriotza berririk erregistratu ez dela adierazi du, eta Eskoriatzan diagnostiko positiboarekin zendu zen herritarrari dagokionez, autopsia egiten ari direla aipatu du Murgak. Halere, zehaztasunik eman gabe, gaineratu du oraindik ezin dutela baieztatu heriotzaren arrazoia COVID-19a denik.
Azken orduetan ospitaleetan izan diren aldaketei dagokienez, 5 alta eman dira, eta 3 izan dira ospitaleratutakoak. Bestetik, bi gaixo gutxiago daude ZIUn ingresatuta.
17 kasu, Nafarroan
Nafarroako Osasun Sailak emandako datuaren arabera, 17 izan dira atzo Nafarroan hautemandako kasu berriak; horietatik 6 Iruñeko fokuarekin lotutakoak dira. Bestetik, ez da heriotzarik erregistratu azken egunetan.
13.000.000 kutsatu, planetan
Mundu osoa aintzat hartuta, dagoeneko 13 milioi kutsatu baino gehiago erregistratu dira, Johns Hopkins unibertsitatearen arabera. Amerikako Estatu Batuetan zenbatu dira kasu eta heriotza gehien, eta ondoren, Brasil eta Indian. Heriotzei dagokienez, mundu mailan zendutakoak 573.000 baino gehiago dira.