Ez ohikoa izan da hauteskunde kanpaina eta ez ohikoa izaten ari da hauteskunde eguna ere. INE estatistikarako erakundearen arabera 50.043 debagoiendar daude botoa ematera deituak, eta 23 hautesleku daude bailaran, guztira 71 mahairekin. Ohikoa baino hautesleku gehiago dira eta horietako asko lekuz aldatu dituzte espazio handiagoak eta zabalagoak izateko.
Pandemia baten erdian datoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeok, eta nabariak dira segurtasun neurri bereziak. Maskara erabiltzea eta sartu aurretik eskuak garbitzea derrigorrezkoa da. Horrekin batera segurtasun distantziak mantendu behar dira botoa ematerakoan ere eta pilaketak ekidin behar dira.
Debagoiendarrak eginbide horiek ondo betetzen ari dira. GOIENA hautesleku batean baino gehiagotan izan da eta denetan 'normaltasun berrira' egokitutako neurriak hartzen ari direla ikusi du. Herritar asko, gainera, botoa etxean prestatuta eraman dute hauteslekura. Mahaiko kideek ere neurri bereziak bete behar dituzte gaur eta goizean goiz jasotako gomendioak betetzen ari dira.
Desinfekzio lanak
Hautesleku guztietan egin behar dituzte desinfekzio lanak, aldiro-aldiro. Bergaran, esaterako, bi ordutik bi ordura desinfektatzen dituzte hauteslekuak. Mahaiak, aulkiak, boto-lekuak eta barandak, ahalik eta garbiketa lan sakonena egiten ari dira hainbat langile.
Eguerdia arteko datuak emateko agerraldia egin du Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak, eta jakinarazi du parte-hartzea %1,3 jaitsi dela 2016ko hauteskundeekiko, eguneko lehen hiru orduetan. %14,1ekoa izan da, gaur, EAEn.