Mozambikera eta Indiara 46.771 euro bideratuko ditu Harremanek

Julen Iriondo 2020ko uzt. 10a, 17:29

Gobernuz kanpoko erakundeak garapen proiektuetarako jasotakoa %9 hazi zen iaz aurreko urtearekin alderatuta, 46.771 eurora iristeraino; eta Harremanek, gaur egun, Mozambiken eta Indian parte hartzen duen bi proiektuetarako erabili da diru hori.

"Kopuru hori, urtean, arrasatear bakoitzeko kafe bat baino pixka bat gehiagoren baliokidea da. Eta jatorria honako hau da: partikularren babesak eta dohaintzak, 34.145 euro; Arrasateko eta Eskoriatzako udalak, 8.877 euro; eta gainerakoarena, Ibaiarte, Izaskun Murgia Lirika Elkartea eta Goikobalu elkarteekin elkarlanean egindako jarduerak", azaldu dute Harremanetik.

"Mozambikeko proiektuaren helburua da nekazaritza-ekoizpena hobetzea, bertako biztanleek beraien lanaren bidez diru-sarrerak handitu ditzaten, horrela, garapen ekonomiko ekitatibo eta jasangarria lortzen lagun dezaten, familia mozambiketarrak autonomoak eta buruaskiak izan daitezen eta beren baliabide ekonomiko propioak modu etiko eta iraunkorrean erabil ditzaten".

Mundukide fundazioak Arrasaten du egoitza, eta Mozambike programa duela hemeretzi urtetik zuzentzen du. Gaur egun, bertako 50.000 pertsonak parte hartzen dute, eta horietatik % 51 emakumeak dira. Mozambikeko iparraldean Mundukidek garatzen duen programa hau, Harremanek parte hartzen duena, inguru horretan lana sortzeko iturri nagusia da.

"Miseriatik pobreziara pasatzen laguntzea da gure lana", dio Beñat Arzadunek, programaren arduradunak: "Baina badago itxaropena, programan parte hartzen duten familien etengabeko gorakadak erakusten duen bezala".

Mozambikeko Montepuez barrutiko nekazaria da Armando Costa: "Nire hirugarren urtea da programa honetan, eta nire ekoizpena dibertsifikatzea eta handitzea lortu dut lehen ekoizten ez nituen laboreekin. Mundukidek ekoizpena eta merkaturatzea hobetzen jarraitzea gustatuko litzaidake ".

Ankur proiektua Indian garatzen da, zehazki Mumbain eta bere inguruan. Ankurrek 23 urte baino gehiago daramatza oso familia txiroetako edo abandonatuetako neskak biltzen. Harremanek laguntzen duen ANKUR umezurztegian, bizitza duina eta etorkizun itxaropentsua eskaintzen zaien neskato horietako 200 baino gehiago bizi dira elkarrekin. "Ankurrek 500 neskato baino gehiago ditu, askok karrera bat ikasi dute: erizainena, idazkariena, irakasleena, etab. Beste askok familia bat osatu dute eta beren seme-alabei Ankurren eskuratutako balioak transmititzen dizkiete. Emakume ahaldundu eta seguru bihurtu dira".

Duela hamar urte, Santa Ana ahizpen karitatetik umezurztegi bat ireki zuten haurrak jasotzeko Dilkushen, Mumbaiko kanpoaldean. "Etorkizun duin baterako ere zaintzen eta prestatzen dituzte. Gaur egun 40 haur baino gehiago daude".

Baina Ankur proiektua ez da umezurztegia bakarrik, inguruko beste haur batzuentzat ere aukera berriak zabaltzen ari dira egoera larrian daudenean. "Inguruko txaboletan bizi diren haurrentzako haurtzaindegi bat eraikitzen amaitu da, emaitza onarekin, eta, horrela, beren amek nolabaiteko lana egin ahal izatea errazten da, gehienbat etxeko zerbitzuetakoak".

Bai Mozambikeko proiektua bai Indiakoa pobrezia ugaria den eremu behartsuetan gauzatzen dira, eta gaur egun bizi-baldintzak larriagotu egin dira mundu osoa pairatzen ari den COVID-19aren pandemiarekin. "Baina, kasu honetan ere, baztertutako pertsonek pairatzen dute gehien. Hemen konfinatuta egon garenean osasun-laguntza izan dugu, eta oso garrantzitsua, ez zaigu elikagairik falta izan. Han, familia asko egunean ateratzen dutenarekin bizi dira, eta kutsatzeko arriskuan bizi behar izaten dute, ez baitute goserik ez pasatzeko, konfinamendua hautsi beste erremediorik.

Gogoan izan osasun- eta hezkuntza-laguntza jasotzen baduzu eta, gainera, hozkailuan janaria baduzu, armairuan arropa baduzu, bizitzeko etxea baduzu, zure gastuetarako dirua baduzu, munduko pertsonen % 92 baino hobeto bizi zarela, hau da, zorioneko pertsona zarela". Ekarpena egin nahi izanez gero, Laboral Kutxan, Kutxan, Rural Kutxan eta Caixan kontuak ditu Harremanek.

Arrasatear bakoitzeko ogitarteko batek balio duen adina lortzea nahi dute Harremanekoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak